2024/10/6 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek bide onetik ekin diote estreinatu berri dugun ikasturteari, 2024-2025 denboraldiko aurreneko jardunaldiaren baitan, 15-19 nagusitu baitira Lekarozen jokatutako partiduan. Barrutiaren mutilek zapatu arratsaldean izan zuten BRT Menditarraken kontrako hitzordua eta, emaitza ikusita, ezin esan Maritxu Kajoiko biharamunak kalterik egin zienik.
Hamargarren minutua bete orduko aurretik zen Kanpanzar Arrasate, Ibai Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker. Segidan, eta modu igualean, Enaitz Solabarrietak sarrailagileen errenta handitu egin zuen, 0-6ra arte, hain justu ere. Lehen zatiko ordu erdia betetzear zela, baina, Baztanek entsegua egin eta, transformazioan asmatuz, markagailua irauli egin zuen. Gauzak horrela, 7-6ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta
Bigarren zatia ezin hobeto hasi zen Kanpanzar Arrasaterentzat, bigarren minutua bete orduko Portalok baloi berri bat zutoinen artera bidali eta markagailua irauli egin baitzuen. Sarrailagileak etziren 7-9koarekin konformatu eta, bigarren zatiko hamargarren minutua bete baino lehen, Unai Suinagak denboraldiko aurreneko entsegua lortu zuen. Portalok etzuen hutsik egin transformazioan eta, honenbestez, 7-16koa igo zen markagailura.
Bazirudien bisitariek partidua bideratuta zutela Suinagaren entseguaren ostean baina, 10 minutu beranduago, nafarrek zutoinen artera zigor kolpea bidali eta markagailua estutu egin zuten berriro ere (10-16). Zorionez, Barrutiaren mutilen erantzunak ez zen asko atzeratu, berriro ere Portalok aprobetxatutako zigor kolpe baten bitartez (10-19).
Emozioak, baina, partidu amaierara arte iraun zuen, arauzko denbora amaitzeko lau minuturen faltan Baztanek entsegua egin eta aukera guztiak zabalik utzi baitzituen (15-19). Zorionez, Barrutiaren mutilak gai izan ziren errentari eusteko, eta emaitza horrekin adierazi zuen partiduaren amaiera epaileak, Kanpanzar Arrasatek denboraldiko aurreneko garaipena eskuratuz.
