2024/4/26 | ISEI BARBERO | Argazkiak:  artxiboa

Asteburu honetan Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako ekipoek ez dute hitzordurik izango, halere, klub zuri-moreko 18 urtez azpikoek garrantzi handiko partidua jokatuko dute.  Elorriorekin taldea partekatuz, iragan asteburuan San Txisme errugbi zelaian Gernika mendean hartu eta gero, finalerdietako joaneko partidua jokatuko dute zapatu honetan.  Ordua oraindik zehaztu gabe baldin badago ere, Uribealdearen kontra neurtuko dituzte indarrak Mungian.  Bueltako partidua maiatzaren 19ko asteburuan izango da, San Txismen, eta, Euskadiko Errugbi Federazioak aurreikusitakoaren arabera, final handia maiatzaren 25ean izango da.

Zapatuan beste hitzordu bat izango da, 16 urtez azpikoena, hain justu ere.  Goizeko 11:00etan, Bilboko Errekalde auzoko kirol etxean, Uni Bilboren kontra neurtuko dituzte indarrak.  Azkenik, ohi bezala, igandean Errugbi Eskola eta Inklusiboko taldearen txanda izango da.  Lehenengoek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin, 10:30ean hasita.  Bigarrenek, berriz, Elorriok antolatutako jardunaldian hartuko dute parte.

18 urtez azpikoek, iragan asteburuan, Gernikaren kontra jokatutako partidua.