2024/3/20 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  artxiboa

Asteburu honetan hil ala biziko hitzordua izango dute Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek, domekan, eguerdiko 12:30eatik aurrera, egungo seigarren sailkatu Durango hartuko baitute Mojategin.  Bizkaitarrek play-offa jokatzeko baliagarria den azken postua markatzen dute une honetan sailkapenean, eta hiru puntuko abantaila dute Kanpanzar Arrasaterekiko.  Testuinguru honetan, garaipena Mojategin geratzen bada, Julen Barrutiaren mutilek titulua irabazteko baliagarriak diren kanporaketak jokatuko lituzkete. 

17 jardunaldi jokatuta, Arrasateko taldeak zortzi garaipen eta berdinketa bat poltsikoratu ditu, orotara 40 puntu batuz.  Domeka honetakoa 18. partidua izango da zuri-moreeentzat eta, esan bezala, garaipena eskuratuz gero Durangori seigarren postua kenduko liokete, txapeldun izateko baliagarria den play-offerako txartela eskuratuz.

Kasu horretan, gutxienez beste bi partidu jokatuko lituzkete Julen Barrutiaren mutilek, hirugarren sailkatuaren kontra joan-etorriko kanporaketa, hain justu ere.  Seigarren postuarekin ez bezala, hirugarren postuan zein ekipok amaituko duen honezkero erabakita dago:  Uni Bilbo.  Gauzak horrela, lehenengo kanporaketan bilbotarrak eta seigarren postua eskuratzen duen taldea -Durango edo Kanpanzar Arrasate- izango dira aurrez aurre eta, bestean, egungo laugarren eta bosgarren sailkatuak: Baztan eta Getxo. 

Bi kanporaketa hauetako irabazleek finalerdia jokatuko lukete partidu bakarrera eta, hemengo irabazleak, lehen sailkatu Elorrio edukiko luke zain final handian.   Bigarren postua ere erabakita dago liga erregularra amaitzeko jardunaldi baten faltan, Errioxak sei puntu ateratzen baitizkio hirugarren sailkatu Uni Bilbori.  Honenbestez, errioxarrek Ohorezko B mailara igotzeko baliagarria den promozioa jokatuko dute.

Testuinguru honetan, Arrasate Errugbi Taldeko zuzendaritza batzordetik deia luzatu diete zaleei, “domekan Mojategira gerturatu eta taldeari hauspoa emateko”.  Esan bezala, hitzordua eguerdiko 12:30ean izango da, eta asko egongo da jokoan bertan.  “Denon ARTian ez bada, ez dalako”.

Categorías: Seniorrak