2024/2/19 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  Ramon Barrutia

Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek Atletiko San Sebastiani egin zioten bisita igande goizean eta, Anoetako mini-estadioan jokatutako neurketa, 17-17ko berdinketarekin amaitu zen.  Arrasatearrak 10-14 joan ziren aurretik markagailuan atsedenaldira baina, bigarren zatian, etxekoek berdintzea lortu zuten norgehiagoka amaitzeko lau minuturen faltan.

Partidua berehala jarri zien alde Julen Barrutiaren mutilei, bigarren minutua bete orduko Haritz Ezpeletak markagailua estreinatu baitzuen bisitarien aurreneko entsegua eginda.  Ondoren, Ibai Portalok ez zuen hutsik egin baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan.  Ordu laurdena bete orduko, baina, Atletiko San Sebastianek markagailua berdindu egin zuen. 

Anoetako mini-estadioan jokatutako partiduak utzitako irudietako bat.

Zorionez, Kanpanzar Arrasateren erreakzioa berehala iritsi zen, hiru minutu beranduago Ibai Irasuegik sarrailagileen bigarren entsegua lortu baitzuen, berriro ere Portaloren transformazioarekin (7-14).  Lehen zatiko azken kolpea, ordea, etxekoek eman zuten, atsedenaldira joateko 10 minuturen faltan epaileak adierazitako zigor kolpe baten ostean baloia zutoinen artera bidali baitzuten, markagailuan 10-14koa ezarriz.

Bigarren zatian indarrak parekatuta egon ziren oso, eta norgehiagoka amaitzeko ordu laurdena falta zen arte etzen markagailua mugitu, Portalok zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez.  10-17koarekin Kanpanzar Arrasatek garaipena eskura zuen baina, tamalez, arauzko denbora amaitzeko lau minutu besterik etzirenean falta etxekoek entsegua egin eta 15-17koa igo zen markagailura.  Donostiarrek transformazioan huts egitea zen momentu horretan Barrutiaren mutilen itxaropena, baina baloia zutoinen artera bidali eta 17-17koarekin amaitu zen norgehiagoka.

Seigarrenak

Gauzak horrela, 14 jardunaldi jokatuta seigarrena da Kanpanzar Arrasate, zazpi garaipen eta atzoko berdinketarekin patrikan 35 puntu dituela.  Datorren asteburuan hitzordu zaila izango du talde zuri-moreak, egungo bigarren sailkatu Errioxari egingo baitio bisita zapatu arratsaldean.  Logroñokoek lau partidu baino ez dituzte galdu aurtengo denboraldia, baina horietako bat Mojategin izan da.

Beste hitzorduak

Asteburuko beste hitzorduei dagokionez, 18 urtez azpikoek, Elorriorekin taldea partekatuz, 24-14 nagusitu dira San Txismen jokatutako partiduan.  14 urtez azpikoak Gasteizen izan dira, Lakuako errugbi zelaian izandako topaketan parte hartzen.  Azkenik, aipatu beharra dago inklusiboko neska-mutikoek ere hitzordua eduki dutela, kasu honetan Getxoko Fadura errugbi zelaian burututako entrenamendu saioarekin.