2024/2/15 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Pasa den astean Iruñearen kontra Mojategin 2024 aurreneko garaipena eskuratu eta gero, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek bolada onari jarraipena ematea bilatuko dute asteburu honetan. Julen Barrutiak zuzendutako taldea Donostiara joango da igandean eta, goizeko 11:30eatik aurrera, Atletiko San Sebastianen kontra neurtuko ditu indarrak Anoetako mini-estadioan.
Lehen itzuli txukuna egin eta gero, hiru partidu besterik etzituen galdu, urte hasiera gogorra eduki du Kanpanzar Arrasatek. Barrutiaren mutilek urtarrilaz geroztik jokatutako hiru partiduak galduak zituzten –Elorrio, Getxo eta Baztanen kontra jasotako porrotei abenduan Durangon galdutako partidua gehitu beharra zaio- baina, zorionez, iragan astean azken sailkatu Iruñeak Mojategira egindako bisitan joera negatibo horri amaiera eman zioten sarrailagileek 71-5 nagusituta.

Testuinguru honetan, zaleen hauspoa bidelagun, olatuen aparrean jarraitu nahi du Kanpanzar Arrasatek asteburu honetan. Eta aurrean edukiko duen aurkaria horretarako aproposa dirudi, Iruñea bezala, sailkapen zuloan sartuta dauden taldeetako bat baita Atletiko San Sebastian. Donostiarrek lau partidu baino ez dituzte irabazi aurtengo denboraldian, eta azken hirugarrenak dira 23 punturekin, Eibar (17) eta Iruñearen (1) aurretik.
Aitzitik, pasa den asteko garaipenaren ostean, Kanpanzar Arrasate sailkapenaren erdialdean sendotu da, eta honezkero goiko postuetara begira dabil. Barrutiaren mutilek 33 puntu dituzte patrikan eta seigarrenak dira sailkapenean. Aurretik Getxo dago 36 punturekin; Uni Bilbok eta Errioxa 42nara berdinduta daude eta, azkenik, sailkapen buruan, 59 puntu dituen Elorrio liderraren atzetik Uni Bilbo dago 48rekin.