2023/12/17 | ISEI BARBERO / Argazkiak: R. Barrutia
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek ezin izan diote bolada onari eutsi eta, asteburu honetan, Durangoko Arripausueta errugbi zelaian jokatutako norgehiagokan, amore eman behar izan dute. Arrasatearrek bigarren jardunalditik zeramaten partidurik galdu gabe eta, tamalez, bederatzigarren jardunaldian bola ona amaierara heldu du. Zapatu arratsaldean jokatutako norgehiagokan azken emaitza 38-25 izan zen Durangoren alde.
Galdu arren, norgehiagoka ezin hobeto hasi zen Kanpanzar Arrasaterentzat, 10. minutua bete orduko Andoni Narbaizak entsegua egin eta, Arizaletak transformazioa gauzatuta, 0-7 aurreratu baitziren bisitariak. Horrekin konformatu ez, eta 20. minutuan Arizaletak berak sarrailagileen errenta handitu zuen (0-10), zutoinen artera bidalitako zigor kolpearen bitartez.
Une horretan, baina, etxekoen susperraldia iritsi zen, Durangoren estreinaldiko entseguarekin. Arrasatearrek bezala, durangarrek ere etzuten hutsik egin transformazioa gauzatzerako orduan eta, modu honetan, markagailua 7-10 estutu zen. Atsedenaldira joan aurretik, baina, Arizaletak berriro ere etekin ezin hobea atera zion epaileak adierazitako zigor kolpeari eta, modu honetan, 7-13ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatia hasi era berehala Durangok zigor kolpe berri bat bidali zuen zutoinen artera (10-13) eta, 10. minutua bete aurretik, markagailua irauli zuen entsegu berri baten bitartez –transformazioa barne- (17-13). Kolpe horren aurrean Barrutiaren mutilek etzuten amorerik eman eta, bigarren zatiko ordu laurdena bete aurretik, Ibai Portalok Kanpanzar Arrasateren bigarren entsegua egin eta berriro ere aurretik jarri zituen bisitariak (17-18).
Talde zuri-morearen pozak, ordea, etzuen luzaroan iraun, bi minutu beranduago Durangok arratsaldeko hirugarren entsegua egin eta 24-18koa ezarri baitzuen. Horrekin konformatu ez, eta hurrengo 20 minutuetan bizkaitarrek beste bi entsegu lortu zituzten, norgehiagoka amaitzeko bost minuturen faltan 38-18ko errentan lortuz eta partidua ia erabakita utziz. Azken txanpan, baina, Portalok bere kontu pertsonaleko bigarren entsegua egin eta markagailua nolabait txukundu zuen, amaierako 38-25ekoa ezarriz.
Laugarrenak
Asteburu honetakoa lehen itzuliko azken jardunaldian izan da, eta ligako ekuatorera Kanpanzar Arrasate laugarren postuan iritsi da. Orain arte jokatutako bederatzi partiduetan Julen Barrutiaren mutilek 26 puntu poltsikoratu dituzte, sei garaipen eta hiru porrot jasota. Arrasatearrek Baztanekin berdinduta daude sailkapenean, eta aurretik hiru talde dituzte: Uni Bilbo (32), Errioxa (33) eta Elorrio liderra (41).
Asteburu honetakoa 2023ko azken norgehiagoka izan da Kanpanzar Arrasaterentzat, hurrengo jardunaldia, bigarren itzuliko lehenengoa, urtarrileko bigarren astean jokatuko baita. 2024ari ongi etorria Bizkaia aldean emango diote Barrutiaren mutilek, Elorrio liderraren etxean, hain justu ere.
18 urtez azpikoak
Seniorrek bezala, 18 urtez azpikoek ere zapatuan jokatu zuten, baina kasu honetan goizean eta Mojategin. Arrasatearrek Gaztediren kontra neurtu zituzten indarrak, eta nagusitu egin ziren 35-10eko emaitzarekin. Asteburu honetako bigarren faseko estreinaldiko jardunaldia izan da Arrasate Errugbi Taldeko 18 urtez azpikoentzat, Elorriorekin batera taldea partekatzen dutenak.
















































0 comentarios