2023/1/15 | ISEI BARBERO / Argaziak: Ricardo Santa Cristina
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek denboraldiko bigarren faseko aurreneko garaipena eskuratu dute, zapatu honetan, Mojategin, Atletiko San Sebastian mendean hartu eta gero. Julen Barrutiak zuzentzen duen taldeak 44-12 nagusitu da eta, modu honetan, aurrerapausoa eman du mailari eusteko borrokan.
Norgehiagoka berehala jarri zitzaion alde talde arrasatearrari, bigarren minutua bete orduko Arizaletak zigor kolpea zutoinen artera bidali eta, modu honetan, 3-0 aurreratu baitzen markagailuan. 10. minuturako etxekoen abantaila jada 6-0ekoa zen baina, ordu laurdena betetzean, Atletiko San Sebastianek entsegua egin eta zuri-moreen errenta murriztu zuen (6-5). Etxekoen erantzuna, baina, berehala etorri zen, Amets Lekuberen entsegua eta Arizaletak zutoinen artera bidalitako zigor kolpe berri batekin (16-5).

Ordu erdia betetzean Oihan Irasuegiren entsegu berri bat heldu zen, oraingoan ere Arizaleta transformazioa eraginkor aritu zela. Hori gutxi balitz, jaurtitzaile arrasatearrak etekin ezin hobea atera zion zigor kolpe berri bati, markagailuan 26-5koa ezarriz. Bost minutu baino ez ziren falta lehenengo zatia amaitzeko eta, une horretan, Atletiko San Sebastianek arratsaldeko bigarren entsegua egin zuen. Atsedenaldira joan aurretik, baina, Arizaletak zigor kolpe berri bat bidali zuen zutoinen artera. Gauzak horrela, 29-12ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatian Barrutiaren mutilek oina azeleragailutik altxatu egin zuten, halere, ordu laurdena betetzean Arizaletak etxekoen errenta handitu egin zuen (31-12). Partidua amaitzeko 20 minutu falta ziren eta lehia erabat erabakita zegoen baina, orduantxe, Kanpanzar Arrasateren entsegu berri bat iritsi zen, oraingo honetan Iñaki Ormaetxearen bitartez. Bost minuturen faltan Urko Lazkanok arrasatearren laugarrena lortu zuen eta, oraingoan Arizaletak transformazioan asmatu eta gero, amaierako 44-12koa igo zen markagailura.
Beste bi garaipen
Seniorren partiduaz gain, Arrasate Errugbi Taldeko beste hiru ekipok egin zuten salto berdegunera zapatuan. 18 urtez azpikoek 26-12 irabazi zioten Uribealdea/Txingudi konbinatuari San Migel zelaian, Mutrikun. 16 urtez azpikoek ere garaipena eskuratu zuten, aurkari berdinaren aurka, baina 55-12ko emaitzarekin Mojategin. Azkenik, 14 urtez azpikoek porrotaren zapore garratza dastatu zuten, etxean 22-40 galdu eta gero.




































0 comentarios