2022/11/07 | ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa
Arrasate Errugbi Taldeko seniorrak Nafarroa aldean izan dira asteburu honetan, zapatu arratsaldean BRT Menditarrak taldearen kontra neurtu baitzituzten indarrak Lekarozen. Sailkapenari erreparatuz, neurketa parekatua aurreikusten zen, eta pronostikoak bete egin ziren. Norgehiagoka orekatuta egon zen amaierara arte eta, azken hamar minutuetan egindako entseguei esker, azkenean nafarrak nagusitu egin ziren 47-30ko emaitzarekin.
Partidua ezin hobeto hasi zen Julen Barrutiaren mutilentzat, hamargarren minutua bete baino lehen Oihan Irasuegik entsegua egin eta Ibaik gauzatutako transformazioaren bitartez 0-7 aurreratu baitziren bisitariak. Hori gutxi balitz, hurrengo hamar minutuetan beste hiru entsegu egin zituzten arrasatearrek: Ibai Irasuegi berak, Ander Gonzalezek eta Ibai Portalok. Hiru entsegu hauetatik bakarra transformatu zuen Kanpanzar Arrasateke eta, honenbestez, 20. minutua bete orduko markagailua 0-24 zen sarrailagileen alde.
Hortik aurrera, baina, gauzak okertzen hasi ziren Barrutiaren mutilentzat. Ordu erdia igarota epaileak Kanpanzar Arrasateren kontrako zigor entsegua adierazi zuen, eta arauzko aurreneko 40 minutuak beteta 7-27ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek, arrasatearrek zutoinen artera bidalitako zigor kolpea tarteko.
Bigarren zatia hasi eta berehala iritsi zen BRT Menditarraken susperraldia, bosgarren minutua bete orduko nafarrek entsegua egin eta bisitarien errenta murriztu baitzuten (14-27). Hainbat minutuz abantailari eusteko gai izan ziren Barrutiaren mutilak, eta 20. minutuan Iraitz Arriaranek zutoinen artera bidalitako zigor kolpeari esker 14-30 jarri ziren arrasatearrak.
Bigarren zatiko ordu erdia bete baino lehen, baina, baztandarrek beste bi entsegu egin –horietako bat transformatuz- eta 26-30ekoa ezarri zuten markagailuan. Une horretan gipuzkoarren gainbehera etorri zen, partidua amaitzeko geratzen ziren hamar minutu eskas horietan etxekoek beste hiru entsegu egin baitzuten. Hori gutxi balitz, ezin baino eraginkorrago aritu ziren transformazioak gauzatzerako orduan eta, honenbestez, partidu amaieran 47-30 nagusi BRT Menditarrak.
Porrot honekin Kanpanzar Arrasatek partidurik irabazi gabe jarraitzen du aurtengo denboraldian eta, honezkero, azken sailkatua da hiru punturekin, Uni Bilbok garaipena eskuratu baitu jardunaldi honetan. Hurrengo asteburuan Barrutiaren mutilek aukera berri bat izango dute azken asteetako joera negatiboa iraultzeko, Getxok Mojategira egingo duen bisitarekin.
0 comentarios