2025/5/19 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Goiena - Mondraberri
Hilabete baino gutxiago falta da Arrasate Errugbi Taldearen egutegian gorriz markatutako data heltzeko, ekainaren 5, 6 eta 7an Garagardo Azoka ospatuko baita. Klub zuri-morearen ekimen historiko honek mende laurdena betetzen du aurten, oraingoa 25. edizioa izango baita. Aurreneko aldiz 1999an ospatu baldin bazen ere, kontuan eduki beharra dago, Covid-19aren pandemia tarteko, 2020 eta 2021 urteetan ezin izan zela ospatu. Gauzak horrela, eta esan bezala, aurtengoa 25. edizioa izango da.

Berritasunak
Aurreko urteekin alderatuz, 25. edizioa pare bat berritasunekin dator: Koadrilen arteko I. Errugbi Tag txapelketa, eta “Danon ARTien ez bada, ez dalako!” aitortza. Lehenengoaren berri orain direla egun batzuk eman zuen Arrasate Errugbi Taldeak, urteetan izandako zazpinako txapelketa edo Seven delakoa ordezkatuko duena. Hitzordua ekainaren 7an -larunbata- izango da, 16:00etan hasita, Mojategiko errugbi zelaian.
Txapelketa, ekainaren 7an -larunbata- burutuko dena, “kontakturik gabekoa” izango da, “parte hartzaile guztiek errugbiaz gozatu dezaten“. Txapelketan giro paregabea egotea aurreikusten dute, “jatekoa eta edatekoa ez dira faltako eta, noski, musika eta sariak ere izango dira“. Arrasate Errugbi Taldetik “errespetuz jokatzearen” deia luzatzen dute eta, jakinarazi dutenez, zenbait taldeetan banatutako 200 pertsonetatik gora eman dute izena.
Eta, honekin batera, beste berritasuna “Danon ARTien ez bada, ez dalako!” aitortza izango da, ekainaren 6an -ostirala- burutuko dena. “Errugbiaren balioekin bat datorren entitate edo pertsona batek jasoko du ikurra” aurreratu du Arrasate Errugbi Taldeak, “ekimena urtero-urtero errepikatzearen asmoarekin”.

Egitaraua
Urtero legez, Garagardo Azokako karparen ateak ostegunean -ekainak 5- zabalduko dira, 18:30ean, eta 19:00etan izango da irekiera ordua gainontzeko egunetan. Bertara gerturatzen direnek estilo ezberdinetako garagardoak dastatzeaz gain, sabela bapo betetzeko parada ere izango dute. Ohi bezala, musika ere ez da faltako giroa alaitzeko. Arrasate Errugbi Taldetik jakinarazi dute honezkero 2.300 garagardo litrotik gora zain daudela arrasatearren egarria asetzeko eta, horrekin batera, beste 600 botilatxo. Jakiei dagokionez, klub zuri-moreak 1.800 ogi, 570 txerri-ukondotik gora, 220 oilasko, 1.300 saltxitxa baino gehiago eta 14 patata kaxa erosi ditu, guztiak Herriko Plazako karpan sukaldatuko direnak. “Kopuruak iazkoen antzekoak dira”, baieztatzen du Arrasate Errugbi Taldeko presidente Ramon Barrutiak.
Esan bezala, karpak ostegunean irekiko ditu ateak, 18:30ean, eta jarraian herri kirolak izango dira ikusgai bertan, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. 19:00etatik aurrera pintxopotea izango da eta, ordubete beranduago, 20:00etan, sukaldea jarriko da martxan. Afariak girotzeko musika ez da faltako Glutenbakoak musika taldearen eskutik eta, ohi bezala, egun honetan udal ordezkariek karpan afalduko dute.
Ostiralean karparen irekiera 19:00etan izango da, afariak 20:00etatik aurrera zerbitzatuko dira, eta Banana Shake boskote arrasatearrak emanaldia eskainiko du, DJ Txartelgorrirekin batera. Aipatu bezala, egun honetan “Danon ARTien ez bada, ez dalako!” aitortza eskainiko Herriko Plazako karpan.
Zapatua egunik potoloena izango da: Eguerdi partean bazkariak zerbitzatuko dira 14:00etatik aurrera: paella, oilaskoa eta postrea, bertan jan edo eramateko. Honetaz gain, dantza herrikoia burutuko da alde zaharreko kaleetan barrena, eta Arrasate Musikaleko Inklusiboko gaiteroek ere emanaldia eskainiko dute. Koadrilen arteko txapelketarekin batera, beteranoek ere hitzordua izango dute, Ejea de los Caballerosen kontra jokatuko duten lagunarteko partiduarekin. Ilunabarrenean disko jartzaile batek girotuko du Herriko Plazako karpa.
