2024/10/31 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Asteburu honetan Euskal Ligako 1. mailako laugarren jardunaldia jokatuko da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek Getxori egingo diote bisita. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da Faduran, 16:00etan hasita eta, bertan, Julen Barrutiak zuzendutako taldeak denboraldiko hirugarren garaipena bilatuko du.
Denboraldi hasiera ona izaten ari da Kanpanzar Arrasaterentzat, orain arte jokatutako hiru jardunaldietan bi garaipen eskuratu baititu. Ikasturtea Baztanen irabaziz hasi zuten Barrutiaren mutilek eta, handik astebetera, porrota jaso zuten Donostian, Bera Beraren kontra. Iragan asteburuan, Durangon, garaipenaren bidera itzuli ziren.
Gauzak horrela, une honetan bosgarren sailkatua da Kanpanzar Arrasate zortzi punturekin, Elorrio liderretik sei puntura dagoela. Bigarren sailkatu Uni Bilbok 13 puntu ditu; Bera Berak eta Baztanek, aldiz, 10 eta 9, hurrenez hurren. Zalantza izpirik gabe, meritu handikoa orain arte Barrutiaren mutilek egin dutena, ahalik eta gehiago Mojategiko atletismo pistan egiten ari diren lanen ondorioz denboraldiaurreari ekin ziotenetik eduki dituzten zailtasunak aintzat hartuta. Honen ondorioz, aurkariekin hala adostuta, orain arteko partidu guztiak etxetik kanpo jokatu dituzte.
Asteburu honetan talde zuri-moreak aurrean edukiko duen aurkariak bi puntu gutxiago ditu, eta seigarren sailkatua da. Getxok garaipena eskuratuz hasi zuen denboraldia Eibarren, bigarren jardunaldian atsedenaldia eduki zuen eta, pasa den astean, esku hutsik bueltatu zen etxera Baztanetik.
Kartelera
Asteburuan beste hiru hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak eta, horietatik bi, zapatuan izango dira baita ere. 18 zein 16 urtez azpikoek La Unicaren kontra neurtuko dituzte indarrak Elorrion, goizeko 12:00 eta 10:30ean, hurrenez hurren. Igandean, berriz, Errugbi Eskolako neska-mutikoek entrenamendu saioa burutuko dute Mojategin, 9:00etan hasita.
