2024/5/18 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Ramon Barrutia

Arrasate Errugbi Taldeko 18 urtez azpikoek final handia jokatuko dute, gaur, larunbata, Uribealdearen kontra Mojategin jokatutako final-erdietako bueltako partiduan 40-22 nagusitu eta gero. Orain direla 15 egun ere mendean hartu zuten Uribealdea Mungian jokatutako joaneko partiduan eta, gaurkoan, berretsi egin dute euren nagusitasuna.

Garaipen erosoa eskuratu badute ere, Elorrio/Arrasateri berehala jarri zaio maldan gora neurketa, 10. minuturako 0-7 baitziren aurretik bisitariak. Etxekoen susperraldia, baina, berehala iritsi da, bost minutu beranduago Beñat Uriarteren entseguak eta Iker Ugaldearen transformazioak berdinketa berrezarri baitute markagailuan.

Hortik aurrera etxekoen nagusitasuna erabatekoa izan da eta, ordu erdia bete baino lehen, Egoitz Berrizbeitia eta Unai Bidosolaren entseguek, Ugaldearen transformazioekin batera, 21-7 jarri dute aurretik Elorrio/Arrasate. Lehenengo zatia amaitzeko bost minuturen faltan Uribealdeak entsegu berri bat egin eta etxekoen abantaila murriztu egin du (21-12) baina, atsedenaldia ate-joka zela, etxekoek kolpea itzuli egin dute Iker Chicharro kapitainaren entseguarekin. Honenbestez, 26-12ko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek.

Bigarren zatian Uribealdea partiduari buelta emateko helburuarekin zelairatu da eta, ordu laurdena bete baino lehen, bi entsegu egin eta berriro ere partiduan sartu egin da. 26-22ko emaitzarekin urduritasuna piztu da Mojategin baina, momentu horretan, Elorrio/Arrasateren susperraldia iritsi da. Pare bat minutuko tartean etxekoek bi entsegu -Beñat Urrutia eta Manex Barrutiarenak- eta beste horrenbeste transformazio -Ugaldearenak- egin dituzte, partidua erabakita utziz.

Gauzak horrela, Arrasate Errugbi Taldeko 18 urtez azpikoek final handia jokatuko dute Elorriorekin batera hilaren 25ean, goizeko 11:30ean, Ordiziako Altamira errugbi zelaian. Elorrio/Arrasatek Zarautz izango du aurkari ligarako borrokan, eurak bezala, finalerdietako bi partiduetan nagusitu egin baitira, kasu honetan Getxoren kontra jokatutako kanporaketan.

Categorías: Sin categoría