2024/4/28 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Ramon Barrutia
Arrasaste Errugbi Taldeko 18 urtez azpikoek, Elorriorekin batera taldea partekatuta, gero eta gertuagoa dute final handia. Zapatuan, Mungian, Uribealdearen kontra jokatutako finalerdietako joaneko partiduan 5-29 nagusitu ziren eta, honenbestez, dena alde dute finalerako txartela lortzeko. Itzulia hiru aste barru jokatuko dute, maiatzaren 19ko asteburuan, kasu honetan Elorrioko San Txisme errugbi zelaian.
Partidua berehala jarri zitzaion alde Elorrio/Arrasateri, 2. minuturako 0-7 baitziren aurretik Iker Ugaldeak lortutako entsegua eta berak gauzatutako transformazioari esker. Ordu erdia bete baino lehen beste bi entsegu eginak zituen Ugaldeak berak eta, lehenengo zatia amaitzeko bost minutu falta zirela heldu zen etxekoen susperraldia, kasu honetan ere entsegu baten bitartez. Gauzak horrela, 5-17ko emaitzarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.
Bigarren zatia hasi eta berehala entsegu berri bat egin zuten bisitariek, kasu honetan Manex Barrutia arrasatearraren eskutik. Hamar minutu beranduago Ugaldea berriro ere bilakatu zen protagonista, bere kontu pertsonaleko laugarren entsegua eta zutoinen artera bidalitako bigarren transformazioarekin. Hortik aurrera Elorrio/Arrasate errentari eusteko gai izan zen, eta 5-29ko emaitzarekin amaitu zen partidua.





















































