2023/05/29 | ISEI BARBERO / Argazkiak: ART - Goiena
Uda ate-joka dugu jada eta, ekaina hastearekin batera, arrasatearren urteroko hitzordua bilakatu dena: Garagardo Azoka. Arrasate Errugbi Taldeak antolatutako ekimen honek bere XIII. edizioa betetzen du aurten eta, beste behin, Herriko Plazan instalatuko den karpa arrasatear guztien, eta baita Arrasatetik kanpo etorritako jendearen, bilgune bilakatuko da hiru egunez: Ekainak 1, 2 eta 3.
Urtero legez, XXIII. Garagardo Azokako karparen ateak ostegunean zabalduko dira, 18:30ean, hain justu ere. 19:00etan izango da irekiera ordua gainontzeko egunetan, eta bertara gerturatzen direnek estilo ezberdinetako garagardoak dastatzeaz gain, sabela bapo betetzeko parada ere izango dute baita. Ohi bezala, musika ere ez da faltako giroa alaitzeko, tartean AZ Gaubelak taldearen emanaldiarekin.
Arrasate Errugbi Taldetik jakinarazi dute honezkero 2.300 garagardo litrotik gora zain daudela arrasatearren egarria asetzeko eta, horrekin batera, beste 600 botilatxo. Jakiei dagokionez, klub zuri-moreak 1.800 ogi, 576 txerri-ukondo, 220 oilasko, 1.300 saltxitxa baino gehiago eta 14 patata kaxa erosi ditu, guztiak Herriko Plazako karpan sukaldatuko direnak. “Kopuruak iazkoen antzekoak dira”, baieztatzen du Arrasate Errugbi Taldeko presidente Ramon Barrutiak.

Zazpinako txapelketa
Ohi bezala, kirolak ere bere tartea edukiko du XXIII. Garagardo Azokaren baitan eta, zentzu honetan, osteguneko jardunaldian, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean, herri kirolak izango dira Herriko Plazan 19:00etan. Egun horretan bertan ere, eta tradizioari eutsiz, udal ordezkariek karpan bertan afalduko dute.
Dena den, kirolak, eta kasu honetan errugbiak, bere protagonismorik handiena zapatuan izango du. Goizean beteranoek lagunarteko partidua jokatuko dute Mojategin, 12:00etan hasita, Gaztediren kontra. Ondoren, bi taldeek elkarrekin bazkalduko dute Herriko Plazako karpan. Arratsaldean, 16:00etatik aurrera, zazpinako txapelketaren txanda izango da. Oraindik talde guztien izen-ematea itxi barik baldin badago ere, gizonezkoetan Hernani eta 18 urtez azpiko
Euskal Selekzioa izango dira bisitari, besteak beste. Emakumezkoetan, berriz, Hernani edo Bera Bera moduko taldeek hartuko dute parte.
Egitaraua
Esan bezala, karpak ostegunean irekiko ditu ateak, 18:30ean, eta jarraian herri kirolak izango dira ikusgai bertan, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. 19:00etatik aurrera pintxopotea izango da eta, ordubete beranduago, 20:00etan, sukaldea jarriko da martxan. Afariak girotzeko, Behi Bi Blues musika taldeak kontzertua eskainiko du. Ostiralean karparen irekiera 19:00etan izango da, afariak 20:00etatik aurrera zerbitzatuko dira eta, 22:30ean, Banana Shake musika talde arrasatearrak emanaldia eskainiko du.
Zapatuan berritasun nagusia eguerdi partean izango dugu, aurreko egunetan ez bezala, bazkariak zerbitzatuko baitira 14:00etatik aurrera: oilaskoa eta paella, besteak beste. Gau partean ordutegia berdina izango da baina, kasu honetan, 22:30ean herriko plazako karpa girotzen AZ Gaubela taldea arituko da.





0 comentarios