2022/11/12 | Isei Barbero / Argazkiak eta bideoa: Belen Aranbarri
Asteburu berezia izan da honako hau ART-ko amen taldearentzat, Pirolitikak, Sitgesen (Katalunia) izan den II. Maters Series txapelketan parte hartu baitute. Camp Polivalent Pins Vens zelaian bederatzi talde batu dira goizeko 10etatik aurrera, tartean Arrasate Errugbi Taldekoa, non Gaztediko ama batzuk ere egon diren, eta baita Badalonako bat ere. “Badalonan orain dela gutxi hasi dira taldea osatzen eta, probatzera etorri denez, gure taldean bertako ama bat hartu dugu”, azaldu du Pirolitikak taldeko Belen Aranbarrik.
Zuri-moreek orotara hiru partidu jokatu dituzte eta, garaipenik lortu ez badute ere, maila polita erakutsi dute. Izan ere, sarrailagileek aurkari gogorrak izan dituzte aurrean gaurkoan. Lehenengo neurketa Valladolizeko Quesos Entrepinaresekko Wonder Brag taldearen kontra jokatu dute, eta gaztelarrak 9-1 nagusitu dira. Ondoren, orain arte jokatutako torneo guztietan garaile suertatu den Puerto de Santamariako (Cadiz) Kamaleonak izan dituzte aurkari, eta kasu honetan emaitza 3-2 izan da andaluziarren alde. Hala eta guztiz ere, aipatu beharra dago epaileak balio barik utzi duela arrasatearren entsegu bat. Azken partiduan Bilboko Lamiak taldearen kontra neurtu dituzte indarrak, eta hemen bizkaitarrak 3-2 nagusitu dira.
Garaipenik lortu ez badute ere, ordezkaritza arrasatearra pozik agertu txapelketa amaieran erakutsitako mailarekin, baita bizi izandako esperientziarekin ere: “Jardunaldia zoragarria izan da, jai giroa nagusi, eta goraipatzeko modukoa epaileek egin duten lana, uneoro jokalariei gauzak azaltzen egon baitira”, azaldu du Aranbarrik. Lesioekin ere suertea izan dutela gaineratu du, “larriena jokalari batek egindako zaintiratua izan da, gainontzekoak kolperen bat edo besterekin baldin badaukagu ere, ondo gaude, parranda egiteko gogoarekin”.
Datozen hilabeteetarako beste hitzordu parea finkatuta du ART-ko Pirolitikak amen taldeak: Martxoaren 25ean jokatuko da hurrengo Mater Series tornea Bilbon eta, handik hiru hilabetetara, maiatzean, txapelketaren egoitza Puerto de Santa Maria izango da, Cadizen.



0 comentarios