ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Honezkero txapelketa ofizialak ikasturte amaierara heldu dira eta, honenbestez, jokalari gehienak oporretan dira, datorren denboraldiari begira indarrak berritze aldera.  Larunbata, ordea, egun garrantzitsua izango da Arrasate Errugbi Taldeko bi ekiporentzat, orain dela gutxi sortutako inklusio eta amen sailetako taldeek debuta egingo baitute.

Martxoa inguruan eman zituen aurreneko pausoak ART-ko amen taldeak, klubeko zenbait jokalarien amak elkartu eta taldea osatzea bururatu zitzaien momentuan.  Horretarako, ate irekien zenbait jardunaldi antolatu dituzte azkenaldian, eredu gisa Gaztedi Errugbi Elkarteko Kamalehoiak taldea hartuta.  Zentzu honetan, gasteiztarrekin zenbait lansaio burutu dituzte eta, Gasteizen, hain justu ere, debuta egingo dute larunbat honetan “Maters Series” izeneko txapelketan.

Arrasate Errugbi Taldeko amak Kamalehoiak taldearekin arituko dira eta, gasteiztar eta arrasatearrekin batera, Mungiako zenbait ordezkari izango dira baita ere.  Egun osoz luzatuko den txapelketan estatu espainiar osoko taldeek lehiatuko dute, eta konbinatu euskaldunak gutxienez 25 minutuko iraupena izango duten hiru partidu jokatuko ditu.  Onenen artean sailkatuz gero, arratsaldean fase finala jokatuko dute.  Horren ostean sari banaketa, ikuskizuna eta hirugarren denboraz gozatzeko parada izango dute.

Arrasate Errugbi Taldeko amak Gasteizen burututako lansaioan.

Inklusiboko taldea Hernanin

Amen taldeak baino ibilbide luzeagoa egina duen inklusiboko taldeak ere debuta egingo du asteburuan, kasu honetan zapatuan ere baina beste leku batean:  Hernanin.  Landaren Inklusiboko V. edizioa izango da, Hernani C.R.-k antolatuta.  “Errugbia hartu nahi dugu aitzakiatzat inklusioa sustatzeko; urritasuna izan edo ez, emakumezkoa ala gizonezkoa izan, helduek zein gaztetxoek gizarteko esparru ezberdinetan ibiltzeko aukera berdinak ditugula aldarrikatzeko erabili nahi dugu”, diote antolatzaileek.

Aniztasunak elkartzen gaitu” lemapean, txapelketan zazpi taldek hartuko dute parte hamabosteko errugbian jokatuz, eta talde bakoitzak, aniztasun funtzionala eta ez funtzionala dutenen artean osatutakoa, 30 minutuko hiru partidu jokatuko ditu.  “Genero aldetik ez da inolako mugarik egongo, eta Bultza ligako arauak jarraituz jokatuko da txapelketa”, nabarmentzen dute antolatzaileek.

Sariei dagokionez, sailkapena ez da sarituko, eta talde guztiek aitortza eta oroigarria jasoko dute parte hartzeagatik, baita jokalari bakoitzak ere.  Banatuko den sari bakarra Hernani izenekoa izango da, non denen parte hartzea, joko garbia eta alaitasuna baloratuko dira.  Sari honetako irabazlea parte hartzaile guztien artean izendatuko dute.

Partiduen ostean talde guztiek elkarrekin bazkalduko dute Hernani R.C.-k antolatzen duen Garagardo Azokan eta, arratsaldean, herrigunean izango diren herri kiroletan parte hartzeko parada izango dute.  Arratsaldeko azkeneko orduan, berriz, aurretik aipatutako sari banaketan egingo dute Garagardo Azokan bertan.

Categorías: AmakInklusiboa

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *