ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Gabonetako etenaldiaren ostean Euskal Ligak berriro ere martxan jarriko dira eta, hauen baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek La Unica hartuko dute Mojategin 2022ko aurreneko jardunaldian. Gipuzkoarren eta Nafarren arteko lehia zapatu arratsalderako deituta dago, 16:00etatik aurrera, eta bertan Julen Barrutiaren mutilek iragan urteko bolada onari jarraipena ematea bilatuko dute.

Bi aurkari zuzen izango dira aurrez aurre Mojategin zapatuan, Kanpanzar Arrasatek baino bi puntu gehiago baititu La Unicak. Iruindarrak bigarren sailkatuak dira 29 punturekin, kategoriako lider Elorriok baino bat gutxiago. Esan bezala, Kanpanzar Arrasate hirugarren sailkatua da 27 punturekin.

Garaipen eta porrot kopuru berdinarekin daude aurreneko hiru sailkatuak, sei eta bat, hurrenez hurren, eta bonusengatik lortutako puntuetan dago euren arteko alde bakarra. Bera Bera eta Sarako Izarra izan dira nafarren eta gipuzkoarren borreroak jokatutako lehenengo zazpi partidu hauetan; Elorrio orain arte garaitu duen talde bakarra, aldiz, La Unica bera da. Testuinguru honetan, eta datu hauek mahai gainean ditugula, zalantza izpirik gabe erakargarria oso dirudi zapatu arratsaldean Mojategin jokatuko den norgehiagoka.

Kartelera

Arrasate Errugbi Taldeak beste bi hitzordu izango ditu asteburu honetan: Gizonezkoek bezala, neskek ere zapatu arratsaldean jokatuko dute (16:00) La Unicaren kontra, baina kasu honetan Iruñean. 16 urtez azpikoek goizean (12:00) jokatuko dute, kasu honetan Mojategin Eibarren kontra. 14 urtez azpikoek ere norgehiagoka programatuta baldin bazuten ere, Hendaiak bisitatu behar zuen Mojategi, Covid egoera dela eta bertan behera geratu da partidu hori.

2018-2019 denboraldian Mojategin La Unicaren kontra jokatutako partidua.
Categorías: Sin categoría

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *