ISEI BARBERO / Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek onenen artean egoteko hautagaitza aurkeztu dute, zapatuan, Durangotik garaipena ekarri eta gero.  Julen Barrutiaren mutilek kategoriako talde indartsuenetariko bati egin zioten bisita eta, asko borrokatu eta gero, azkenean nagusitu ziren 18-30eko emaitzarekin.

Urteak zeramatzan talde zuri-moreak Arripausuetan garaipenik eskuratu gabe baina, zorionez, atzokoan madarikazioak etena izan zuen.  Partidu hasieran bisitariak jaun eta jabe izan ziren, eta 0-10 aurreratu ziren markagailuan zutoinen artera bidalitako zigor kolpea eta lortutako entseguari esker.  Hortik aurrera, baina, Barrutiaren mutilak akatsak egiten hasi ziren, batez ere jokoz kanpokoak eta zigor kolpeak, eta horretaz baliatuz Durangok arrasatearren abantaila murriztu zuen zutoinen artera bidalitako zigor kolpe pareari esker.  Gauzak horrela, 6-10ekoarekin hartu zuten aldageletarako bidea bi taldeek arauzko 40 minutuak agortuta.

Bigarren zatian partidua gogorragoa jarri zen, gehien bat etxekoek egindako aldaketen ondorioz.  Norgehiagoka parekatua izan zen, eta sarrailagileei sufritzea egokitu zitzaien, halere, pare bat entsegu lortzeko gai izan ziren Barrutiaren mutilak, hala nola zutoinen artera zigor kolperen bat edo beste bidaltzeko ere.  Durangok ere gogor estutu zuen Kanpanzar Arrasate; dena den, eta zorionez, azkenean bisitariak suertatu ziren garaile.

Garaipen honen ostean Kanpanzar Arrasate bigarren postuan kokatu da 14 punturekin, bere atzetik dagoen Errioxarekin berdinduta.  Lidergoan Elorriok jarraitzen du 20 punturekin, asteburu honetan El Fangon Uni Bilbori 14-45 irabazi ostean.  Hurrengo asteburuan Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek etxean jokatuko dute, Uni Bilboren kontra, hain justu ere.

Iragan denboraldian Mojategin Durangoren kontra jokatutako partidua.

Categorías: Sin categoría

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *