Garai hauek eskaintzen duten pausa aprobetxatuz, klubaren identitatea eta balioak zehazteko lanketa bat egin dute, Xabi Igoa aramaioarraren laguntzarekin, eta orain ‘danon ARTien’ izena daukan kanpaina bat abiatu dute, lanketa ezagutzera emateko.

2019an, zuzendaritza aldatu zuen Arrasate Rugby Taldeak eta ordutik, jokalari ohi batzuek, hainbat gurasok eta errugbiaren bueltan ibili izan diren beste batzuek osatzen dute gaur egungo zuzendaritza.

Pandemia hasi aurretik, hasiak ziren lanketaren lehen pausoak ematen eta dagoeneko ezaugarritu dituzte klubaren balioak. “Errugbi partidu batek hiru zati dituenez, ARTren hiru balio zehaztu ditugu. Batetik, taldelana eta elkartasuna, taldean hasten dena taldean bukatzen delako. Bestetik, ezberdintzen gaituenak indartzen gaituela eta guztiontzako lekua dagoela azpimarratu gura dugu. Azkenik, guztion artean gozatzea errazagoa dela, errugbia hazteko eta hezteko kirol bat dela adierazi gura dugu”, dio zuzendaritzako kide Ihabar Arriaranek.

Lanketa horretan jasotako balioak eta informazio guztia dokumentu batean jaso dute eta orain asmoa da, barrura begira, klubeko jokalariei, senideei eta abarri lanketa horren berri ematea. Horrekin batera, kanpora begira ere gura dute gaiak zabalkundea izatea eta komunikabideak zein sare sozialak erabiliko dituzte horretarako.

Gainera, aipatutako balio horiek erakusten dituen bideo bat prestatzen ere ari dira eta ekain erdi inguruan kaleratzea aurreikusten dute.

Kluba hazten ari da

Zuzendaritzako kideak adierazi du kluba hazten ari dela. “Errugbi eskolatik hasita, 12, 14, 16 eta 18 urtez azpiko taldeetan geroz eta jokalari gehiago ditugu eta senior mailako emakumezkoen taldea ere sortu dugu aurten. Horrez gain, talde inklusiboarekin ere hasi ginen eta aurten martxan jartzea kosta egin zaigun arren, ekin diogu horri ere”.

Webgune berria dute martxan

Era berean, Arriaranek gaineratu du ekonomikoki nahiko estu dagoela kluba, eta diru iturri berriak aurkitu behar izan dituztela aurrera egiteko. “Gure diru iturri nagusia Garagardo Azoka izan da orain arte. Iaz ezin izan genuen egin eta aurten ere ez da posible izango, orain arteko eran, behintzat. Ondorioz, nahiko estu gabiltza arlo ekonomikoari dagokionez eta gure produktuak sagai jartzea erabaki dugu. Hala, garagardoak, maskarak, kamisetak eta jertseak jarriko ditugu eskuragarri.

Categorías: Sin categoría

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *