Aspalditik zeukan ideia gauzatu du Arrasate Rugby Taldeak (ART): maila guztietan ordezkaritza edukitzea. 16 urtetik gorako nesken taldea sortu dute denboraldi berri honetan. Hemendik aurrera, formakuntzan sakondu eta lehiarako prestatuko dira.

Errugbiak gainontzeko kiroletatik bereizten duen zerbait badu inklusioa da. Ezaugarri fisiko orori zabaltzen dizkio ateak: jokalari arinek hegalerako balio dute, astunagoek barne jokorako. Txikia nahiz handia izan, errugbian jokatu nahi duenak beti izango du bere tokia zelaian. Balio hauek bizitzarako balio dutela jakitun, ARTko zuzendaritza batzordea misio argi baten atzetik dabil azken urteetan: interesa duen orori kirol hau praktikatzeko ateak zabaltzea. Horren harira, gabezia handi bati erantzuteko lanak hartu dituzte 2020an zehar, eta neska talde propioa sortzeko lehen urratsak bere fruitua ematen hasi dira.

Egungo testuinguruari erantzuten dion saiakera egin dute, gainera, Julen Barrutia ARTko kirol zuzendariak adierazi duenez: “Euskal errugbi talde gehienek daukate emakumezko ordezkaritza; Estatu mailan ere pauso handiak ematen ari dira klubak generoari dagokionez”. Gauzak ondo eginda Arrasaten taldea sortzea posible zela ikusi zuten klubeko arduradunek. “Bailaran badago afizioa errugbiari dagokionez, eta ikasketak burutzera datozen gazte askok ere erakusten dute irrika”, nabarmendu du Barrutiak.

Urtarrilean Mojategiko instalazioetara hurbildu ziren ikasle horietako batzuek jarri zuten lehen harria. Lau neska kirolari agertu ziren gizonezkoen entrenamendura, eta bitan pentsatu gabe jarri ziren haiekin entrenatzen. Hori gutxi ez, eta emakumezko taldea sortu nahi zutela jakinarazi zioten klubari. Bi aldeen prestutasunari esker zabaldu zen mezua bailaran zehar, martxo eta irail artean. Hil haren hasieran ekin zioten lan-saioei, eta dagoeneko sei entrenamendu burutu dituzte.

Batez beste, hogei lagun elkartzen dira astelehen eta asteazken iluntzeetan herriko errugbi zelaian, Julen Barrutiaren eta Erik Cuevasen esanetara. “Oraingoz, guk entrenatzen ditugu, baina ideia da aurrera begira bi prestatzaile egoki arduratzea talde honetaz”, aipatu du ARTko kirol zuzendariak. Behin oinarrizko kontzeptuak eurenganatuta, Euskal Ligan lehiatzea da klubaren ametsa, “baina hori nesken gogoaren araberakoa izango da”.

Historiarekin zorra kitatu dute

Ez da lehen aldia Arrasatek emakumezko errugbi taldea daukana. Hamarkadak pasa dira Garagartzako zelai naturalean gizon eta emakume taldeak elkarbizitzan aritzen zirenetik. Mojategiko zelai artifiziala ere zapaldu zuten bi denboraldiz herriko neska errugbizaleek, 2007 eta 2009 artean. Hamar urte baino gehiago igaro diren arren, bueltan dira berriz, eta ez dirudi oharkabean pasa nahi dutenik. Harrobiari hauspoa ere emango diote kirolariek, 16 urtez azpiko talde mistoetan aritzen diren neskek aukera izango dute-eta euren ibilbidea herrian bertan garatzeko. Oztopoak eraisten jarraituko dutela, alegia.

Categorías: Sin categoría

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *