Hasiera batean ordura artekoa baliorik gabe uzteko asmoa izan arren, liga horiek bukatutzat ematea erabaki du federazioak –senior maila, eta 18 eta 16 urtez azpikoak–, ligak eten ziren momentuko sailkapenak aintzat hartuta.


Horren arabera, Kanpanzar ARTk Euskal Ligako Lehen Mailan jokatzeko txartela eskuratu du, sailkapeneko lehen postuan zegoen eta. Julen Barrutia entrenatzaileak azpimarratu du taldeak merezi duela Lehen Mailan jokatzea, eta txapeldun izateko merituak egin dituztela. “Jokatutako 16 partiduak irabazi ditugu, horregatik moralki txapeldunak sentitzen gara, nahiz eta Federazioak titulu hori ez eman“, dio.


Izan ere, Euskadiko Errugbi Federazioak hartutako beste erabakietako bat da txapeldunik ez dela egongo. “Txapelketak amaitu barik daudela kontuan izanda eta, jokatzeke dauden jardunaldiak jokatuta amaierako sailkapena eranskinetan agertzen denarekin alderatuta beste bat izan zitekeela kontuan izanda, ez da inongo txapeldunik izango gizonezko seniorren 1. eta 2. Mailan, ezta 18 eta 16 urtez azpiko kategorietan ere“, ebatzi du.

Helburua lortuta

Honenbestez, denboraldi hasierako helburua lortu dute arrasatearrek, Euskal Ligaren gorenera bueltatzea, hain zuzen, duela bi urte mailaz jaitsi ostean.


Hori hala, 2020-2021 denboraldiari begira daude dagoeneko Mojategin. “Lehenik eta behin ea irailean lehiatzen hasterik dugun“, dio Barrutiak. Era berean, eten honek kezkak eragiten dizkio. “Kontuan hartu beharra dago martxotik geldirik gaudela, eta irailera arte horrela jarraitzea gehiegizkoa litzateke“. Horregatik, taldea laster entrenatzen hastea espero du. “Ea aurre-denboraldi txiki bat egiteko aukera daukagun, Euskal Ligako Lehen Mailan kontaktuak askoz ere gogorragoak izango baitira“.

Maila gogorra eta lehiakorra

Barrutiak badaki Euskal Ligako Lehen Mailak duen zailtasuna handia dela. Halere, “gauzak ahalik eta hoberen” egiten saiatuko dira. “Argi eta garbi geratu da Bigarren Mailan onenak izateko gai garela, eta orain gure maila goiko kategorian erakutsi beharra daukagu“.


Era berean, taldeari gehiago exijituko dio maila horrek, eta hori onuragarria izango da, Barrutiaren esanetan. “Ziur nago denboraldia gogorra izango dela, baina gure erosotasun eremu horretatik irteteak mesede egingo digu guztioi“.


Gaineratu du taldea zuzentzen jarraitzea gustatuko litzaiokeela. “Ni oso gogotsu nago datorren denboraldiari begira, eta jokalariak ere horrela daudela sumatzen dut, halere, nik jarraitzeko azken hitza zuzendaritzak dauka“.

Denboraldi hasiera, airean

Orain arte, irail eta urri inguruan hasi izan dira denboraldiko lehen partiduak jokatzen. Baina, pandemiaren eraginez, inork ez daki 2020-2021 denboraldia nolakoa izango den. Euskadiko Errugbi Federazioak oraindik ez du inongo iragarpenik egin. Iturri ez ofizialek diote, ordea, litekeena dela abendura arte Euskal Ligak martxan ez jartzea.

Categorías: Travel

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *