2026/9/22 ISEI BARBERO | Argazkiak: A.R.T.

Aurre-denboraldia aurrera doa, eta ligen hasiera ate-joka ditugu jada. Aurretik, baina, Arrasate Errugbi Taldeak ongi-etorria egingo dio aurtengo ikasturteari, Amarians txapelketaren bigarren edizioa izango baita asteburu honetan. Klub zuri-moreko amen taldeak, Pirolitikak, pasa den urtean abiarazitako egitasmoa da honetako hau, 35 urtetik gorako emakumezkoentzat zuzenduta. Iazko edizioa arrakastatsuaren ostean, aurten egitasmoa errepikatzea erabaki du ART-k, oraingo honetan bost talde gonbidatu egongo direla: Lacartijas, Vacceas, Tigresas, Asturconas eta Blasfemmes.

Iaz bezala, aurten ere norgehiagokak zapatu goizean jokatuko dira, goizeko 10:30eatik aurrera, Mojategin. Aurretik, baina, ongi-etorria egingo zaie parte-hartzaileei eta, talde bakoitzeko ordezkarien bileraren ostean, txapelketa martxan jarriko da. Norgehiagokak 10 minututakoak izango dira, neurketen artean bost minutuko atsedenaldia izango dela. Ekipo bakoitza 10 jokalariz osatuta egongo da eta, antolatzaileen aurreikuspenen arabera, lauzpabost norgehiagoka jokatuko ditu ekipo bakoitzak. Hasierako fasea liga erakoa izango da eta, ondoren, kanporaketak jokatuko dira: final laurdenak, finalerdiak eta finala. Dena ondo bidean, final handia eguerdi partean jokatuko da, 12:30ak aldera.

Txapelketaren ostean parte hartzaile guztiak Arrasateko erdigunera abiatuko dira eta, Ezkina tabernaren eskutik, hirugarren denboraz gozatuko dute Arbolapetan. Ondoren, guztiek elkarrekin bazkalduko dute Uarkapen eta, arratsaldeko azkenengo orduan, sari banaketa burutuko da.

Zapatuan taldeen aurkezpena

II. Amarians txapelketa zapatuan jokatuko bada ere, egitaraua lehenago hasiko da, ostiralean Arrasate Errugbi Taldeak bere ekipoen aurkezpen ofiziala egingo baitu Seber Altuben, eta bertan parte hartzera deia luzatu baitie talde gonbidatuei. Iaz bezala, klub zuri-moreak argazki-saioa burutuko du bertan kategoria ezberdinetako ekipoekin, 18:30eatik aurrera. “Elma tabernaren eskutik, parte hartzaileek afari-merienda eder batez gozatzeko parada izango dute bertan”, eman dute aditzera antolatzaileek.

Pirolitikak
Categorías: Amak