2024/12/8 | ISEI BARBERO | Argazkiak: ART
Arrasate Errugbi Taldeko senior mailako mutilek garaipen erosoa erdietsi dute asteburu honetan, Euskal Ligako 1. mailako zortzigarren jardunaldiaren baitan Urgozori egindako bisitan 15-39 nagusitu baitziren zapatu arratsaldean Zornotzan jokatutako partiduan. Etxekoak hasi ziren irabazten, eta atsedenaldira 10na berdinduta joan ziren. Bigarren zatian, baina, bisitarien susperraldia iritsi zen eta, azkenean, aise nagusitu zen Kanpanzar Arrasate.
Hasierako minutuetan parekotasuna izan zen nagusi, eta 20. minutua igaro arte ez zen mugitu markagailua, etxekoek zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez. Hiru minutu beranduago, baina, Ekain Zugastik bisitarien aurreneko entsegua egin, eta Ander Arizaletak etzuen barkatu transformazioa gauzatzerako orduan (3-7).
Arizaletak berak etxekoen errenta handitu egin zuen lehenengo zatiko ordu erdia igarota, zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez, hain justu ere. Bazirudien 3-10ekoarekin joango zirela atsedenaldira bi taldeak baina, arauzko denbora amaitzeko bost minuturen faltan Urgozok entsegua egin eta, transformazioa gauzatuta, 10-10eko berdinketarekin hartu zuten aldageletarako bidea.
Lehenengo zatian parekotasuna nagusi izan bazen, bigarrenean talde bakarra egon zen berdegunean: Kanpanzar Arrasate. Barrutiarenek atsedenaldi ostean zelairatu eta berehala hartu zuten aurrea markagailuan berriro ere, Dabid Klibak lortutako entseguaren bitartez. Oraingo honetan Arizaletak etzuen asmatu entsegua gauzatzerako orduan baina, bi minutu beranduago, arrasatearren errenta 10-18raino handitu zuen zutoinen artera bidalitako zigor kolpe berri baten bitartez.
Esan bezala, ordutik aurrera arrasatearren nagusitasuna erabatekoa izan zen, beste hiru entsegu lortuz: Andoni Narbaiza, Ander Barañano eta Aitor Abarrategirenak. Arizaleta eraginkor ibili zen transformazioak gauzatzerako orduan eta, honenbestez, 10-39koa igo zen markagailura. Partiduaren azken txanpan Urgozok arratsaldeko bigarren entsegua egin zuen, azken emaitza nolabait txukunduz (15-39).
Neskak
Mutilek bezala, neskek ere zapatu arratsaldean jokatu beharra zeukaten, kasu honetan Logroñon Errioxaren kontra. Pradoviejokoek, baina, neurketara ezin zirela aurkeztu jakinarazi zuten astean zehar eta, honenbestez, arautegiak dioena aplikatuz, Euskadiko Errugbi Federazioak irabazita eman dio partidua AGT Arrasate/Eibarri 0-21eko emaitzarekin.