
2024/6/4 | ISEI BARBERO | Argazkiak: Goiena
XXIV. Garagardo Azoka amaitu berri, Arrasate Errugbi Taldeko Zuzendaritza Batzordetik “oso pozik” azaldu dira “aurtengo edizioak herritarren aldetik jaso duen erantzunarekin”, eta “eskerrik beroenak” eman dizkiete bertan laguntzen aritu diren 130 bolondresei: “denon artean egindako lana barik ezinezkoa litzateke ekimen hau aurrera ateratzea”.
Klub zuri-moreak jakinarazitako datuen arabera, zapatuan 100 bazkari zerbitzatu ziren eta, horretaz gain, “jaialdiak iraun dituen hiru egunetan erositako jaki eta edari guztiak saldu dira: 780 txerri-ukondo, 1.600 saltxitxa, 250 oilasko, 300 kilo patata eta 3.000 litro garagardo”.
Jokalari onenak
Honetaz gain, Garagardo Azokaren baitan eta urtero legez, Arrasate Errugbi Taldeak jokalari onenen sariak banatu zituen zapatuan. Ekitaldia Herriko Plazako karpan izan zen eta, bertan, irabazleek garaikurrak jaso zituzten. Senior mailako mutilen taldetik, Ibai Portalo izan da irabazlea; nesketan, berriz, Haizea Zabala. Harrobiari dagokionez, 18 urtez azpikoen taldeko Manex Barrutia izan da jokalaririk azpimarragarriena.
