2024/4/22 | ISEI BARBERO | Argazkiak:  Ramon Barrutia

Arrasate Errugbi Taldeko 18 urtez azpikoek, Elorriorekin batera ekipoa partekatuz, nagusitu egin dira asteburu honetan San Txisme errugbi zelaian Gernikaren kontra jokatutako norgehiagokan eta, ondorioz, finalerdietarako txartela eskuratu dute.  Azken emaitza 36-12 izan zen etxekoen alde eta, modu honetan, 2. Faseko ligaska, “A” multzoan jokatu dutena, bigarren postuan amaitu dute. 

Cumenor Elorrio/Arrasatek Uribealdearen kontra neurtuko ditu indarrak finalerdietan, joan-etorriko kanporaketan.  Joaneko partidua datorren asteburuan jokatuko da eta, bueltakoa, maiatzaren 19ko asteburuan, San Txismen.  Euskadiko Errugbi Federazioak aurreikusitakoaren arabera, final handia maiatzaren 25ean izango da.

Arrasate eta Elorrioko 18 urtez azpikoek multzoko azken sailkatua izan zuten bisitari zapatuan eta, testuinguru honetan, etxekoak ziren faborito denboraldia biribildu eta finalerdietarako txartela eskuratzeko.  Partidua hasi eta berehala, baina, etxekoek zaplatekoa jaso zuten, hirugarren minuturako Gernika 0-5 baitzen aurretik. 

Zorionez, Cumenor Elorrio/Arrasateren susperraldia berehala iritsi zen eta, ordu laurdena bete orduko, markagailua berriro ere orekatuta zegoen David Kilbaren entseguari esker.  Atsedenaldira joan aurretik Kilba berak beste entsegu bat egin zuen –transformazioa barne-, Manex Barrutiak lortutakoaren ostean. Gauzak horrela, atsedenaldira 17-5eko emaitzarekin joan ziren bi taldeak. 

Bigarren zatia hasi eta berehala Iker Chicharrok etxekoen laugarren entsegua lortu zuen (24-5) eta, hamar minutu eskasetara, Gernikaren erantzuna iritsi zen.  24-12koarekin Cumenor Elorrio/Arrasatek agintzen jarraitu zuen eta, norgehiagoka amaitu bitartean, beste bi entsegu egin zituen, kasu honetan Iker Ugaldea eta Beñat Barañanoren eskutik, amaierako 36-12koa markagailuan ezarriz.

Categorías: 18 Azpikoak