2024/2/3 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko nesken bolada txarrak bere horretan jarraitzen du, larunbat honetan, Elorrioren kontra San Txisme errugbi zelaian jokatutako partiduan, porrot berri bat jaso eta gero.  AGT Arrasate/Eibar 2024ko aurreneko garaipena eskuratzeko itxaropenarekin heltzen zen hitzordu honetara baina, tamalez, gauzak ez dira nahi bezala irten eta etxeko taldea nagusitu da 36-5eko emaitzarekin. 

Bizkaitarrak aise nagusitu badira ere, lehenengo kolpea konbinatu gipuzkoarrak eman du, lehen zatiko ordu laurdena betetzear zela Arrate Delgadok entsegua egin eta 0-5 aurreratu baitu AGT Arrasate/Eibar.  Zoritxarrez, bisitarien pozak ez du luzaroan iraun, bost minutu eskasetara Elorriok bisitarien entsegu marra gainditu eta, transformazioa gauzatuta, markagailua irauli egin baitu (7-5).  Atsedenaldira joan aurretik etxekoek beste bi entsegu egin dituzte eta, modu honetan, 17-5eko emaitzarekin hartu dute aldageletarako bidea bi taldeek arauzko aurreneko 40 minutuak agortuta.

AGT Arrasate/Eibarreko neskak, aurtengo denboraldian Bilbon jokatutako partiduan.

Bigarren zatian partiduari buelta emateko asmoarekin zelairatu dira Delgado eta Cuevasen neskak, eta aurreneko ordu laurdenean indarrak parekatuta egon dira.  15. minutua igarota, baina, Elorriok bi entsegu egin ditu jarraian, horietako bat transformatuz, eta norgehiagoka erabat erabakita utzi du (29-5).  Bisitariak ahalegindu dira, baina entsegu berri bat lortu duena etxeko taldea izan da, partidua amaitzeko 10 minuturen faltan.  Oraingo honetan ere ez dute hutsik egin baloia zutoinen artera bidaltzerako orduan eta, modu honetan, amaierako 36-5ekoa ezarri dute markagailuan.

Durangoren bisita

Datorren asteburuan hitzordu berri bat izango dute AGT Arrasate/Eibarreko neskek, oraingo honetan etxean izango da, 13. jardunaldiaren baitan Durangok egingo duen bisitarekin.  Azken porroten ostean AGT Arrasate/Eibar sailkapenaren bederatzigarren postura jaitsi da, 21 punturekin.  Gipuzkoarrekin berdinduta Sarako Izarra dago;  euren hurrengo aurkari Durango, berriz, bigarrena da 45 punturekin, kategoriako lider Uni Bilbotik puntu bakarrera dagoela.

Categorías: Sin categoría