2026/10/1 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Asteburu honetan Euskal Ligak jarriko dira martxan eta, Kanpanzar Arrasateren kasuan, estreinaldiko partidua etxean jokatuko dute. Euskadiko Errugbi Federazioak egindako zozketan Baztanen jokatzea egokitu zaie Julen Barrutiaren mutilei lehenengo jardunaldian baina, bi taldeek hala adostuta, oraingo honetan norgehiagoka Mojategin jokatuko da eta, bigarren itzulikoa, berriz, Lekarozen. Hitzordua zapatu arratsaldean izango da, 18:15ean
Ilusioz beterik ekingo dio denboraldi berriari Kanpanzar Arrasatek, iazko ikasturtean egindako lan ona hobetzeko helburuarekin. Apirilera arte luzatuko den fase erregularrean sarrailagileek beste zortzi talderi egingo diete aurre, joan-etorrikoa izango den liga txapelketan. Barrutiaren mutilen aurkariak honako hauek izango dira: Baztan, Getxo, Uni Bilbo, Durango, Atletiko San Sebastian, Zarautz, Eibar, Errioxa eta Uribealdea.
Esan bezala, lehen itzulia asteburu honetan abiaraziko da eta, bigarrena, Gabon ostean, urtarrila erdialdean. Azken jardunaldia apirilaren 10eko asteburuan jokatuko da eta, horren ostean eta amaierako sailkapena aintzat hartuta, amaierako faseak jokatuko dira, non talde batzuk kategoriaz igotzeagatik borrokatuko duten eta, beste batzuk, maila ez galtzeagatik.
Neskak Hernanin
Mutilek bezala, Euskal Ligako egungo txapeldun Geurea RT-k ere asteburu honetan ekitekoa zen denboraldi berriari, iazko titulua berresteko asmoz. Joseba Zabalaren neskek, aurten ere Urgozo eta Elorriorekin taldea partekatuz, Landaren jokatu beharra zeukaten baina, aurkariekin adostuta, lehen hitzordu hori atzeratzea erabaki dute.
Senior mailako nesken egutegiaren hasiera mutilena bezalakoa baldin bada ere, lehenengo fasearen amaiera urtarrila inguruan izango da. Zabalaren neskek beste bederatzi talde izango dituzte multzokide, buelta bakarrekoa izango den liga txapelketan. Konbinatu euskaldunaren aurkariak honako hauek izango dira: Hernani, Uribealdea, Errioxa, Bilbo, Gaztedi, Durango, Txingudi, Donosti eta La Unica.
Kartelera
Gainontzeko kategorietan, honako hauek izango dira Arrasate Errugbi Taldeko ekipo ezberdinek asteburu honetan, estreinaldiko jardunaldian, izango dituzten aurkariak: Ordiziarekin batera taldea partekatuko duten 18 urtez azpikoek Uribealdea hartuko dute etxean; 16 urtez azpikoek, honako hauek Soraluze eta Eibarrekin taldea osatuz, Bilboren bisita izango dute; azkenik, 10 eta 12 urtez azpikoek ere urteko aurreneko topaketa izango dute.