Arrasate Rugby Taldeak (ART) bere bazkideei helarazi nahi die bere harridura eta nahasmena, XXVI. Garagardo Festaren antzeko ezaugarriak dituen ekitaldi bat gure ohiko jaiaren aurreko asteburuan ospatuko delako.
Herriko erakunde guztiekiko errespetu osoz eta gure klubak betidanik erakutsi duen konpromisoarekin, beharrezkotzat jotzen dugu gure bazkideei, babesleei eta ekitaldi hau posible egiten duten 160 boluntario baino gehiagori Zuzendaritza Batzorde honek zuzenean ezagutu dituen gertakarien berri ematea.
XXVI. Garagardo Festaren antolaketa otsailaren 13an eskatu zitzaion ofizialki Udalari, eta, azken 26 urteetan ohikoa izan den bezala, ekaineko lehen asteburua proposatu zen ospakizunerako.
Ondoren, martxoaren erdialdean, Udalak ARTri jakinarazi zion Mondragon CFk Herriko Plazan 500 pertsonarentzako klubeko ekitaldi bat antolatzeko eskaera egin zuela, gure jaiaren aurreko larunbatean. ARTtik adierazi genuen ekimen horren berririk ez genuela, antolatzailearen aldetik ez baikenuen aurretiazko komunikaziorik jaso. Era berean, eta betiere erakundeekiko errespetutik, beste data edo kokapen bat bilatzeko aukerarik ba ote zegoen planteatu genuen, denbora-kointzidentzia eta Garagardo Festak Arrasaten duen ibilbide sendoa kontuan hartuta.
Ondoren, Udalak erantzun zuen ez zegoela data alternatibo hurbilik eskuragarri, ezta tamaina horretako ekitaldi bat hartzeko beste espazio egokirik ere.
Mondragon CFren aldetik jasotako zuzeneko komunikazio bakarra maiatzaren 8an izan zen, eta soilik “Autobabes Plana”ren gastuak partekatzeko aukerarekin lotuta zegoen; dokumentu hori derrigorrezkoa da mota honetako jardueretarako, lege eta prebentzio arrazoiak direla medio. ARTtik, orduan, ekitaldiari buruzko informazio zehatza posta elektronikoz jasotzea eskatu genuen, baina komunikazio hori ez zen inoiz iritsi.
Maiatzaren 20an izan zen, sare sozialen bidez, Zuzendaritza Batzorde honek jakin zuenean “Mondra Eguna” Garagardo Festaren antzeko ezaugarriak zituen ekitaldi gisa planteatzen zela, eta ostegunetik larunbatera bitarteko iraupena izango zuela.
Egoera honen aurrean, Arrasate Rugby Taldeko Zuzendaritza Batzordeak honakoa adierazi nahi du:
- Harridura gure ustez herriko eragileen arteko bizikidetza eta lankidetza oinarrizko arauetatik urruntzen diren jokabideen aurrean.
- Kezka Arrasate bezalako herri batean antzeko bi ekitaldi jarraian ospatzeagatik, urteko egutegiak antolakuntzarako 52 asteburu eskaintzen dituenean, honako arrazoiengatik:
- Antzeko bi ekitaldi jarraian egiteak eragin dezakeen saturazio sozial eta ekonomikoa.
- Bertaratzaileengan, babesleengan, boluntarioengan eta ekitaldiaren etorkizuneko jasangarritasunean izan dezakeen eragin potentziala.
Urtez urte Garagardo Festa sostengatzen duten gure klubeko pertsona guztiekiko errespetuagatik, Zuzendaritza Batzorde honek hausnarketa sakona egingo du aurtengo edizioa amaitu ondoren gertatutakoaren inguruan; etorkizuneko edizioen bideragarritasuna eta jarraipena aztertuko ditu, baita hemendik aurrera ekitaldia mantentzeko beharrezko baldintzen berrikuspena ere.
Danon ARTean ez bada, ez dalako
ARRASATE RUGBY TALDEA