2025/2/2 | ISEI BARBERO | Argazkiak: ART

Iragan asteburuan Elorrioren kontra Mojategin jokatu beharreko partidura ezin aurkeztu eta gero, Arrasate Errugbi Taldeko neskek arantza kendu dute asteburu honetan. Zabala eta Delgadok zuzendutako taldeak Errioxari egin zion bisita zapatuan eta, Pradoviejon jokatutako partiduan, garaipen erosoa eskuratu zuen. Konbinatu gipuzkoarra 12-91eko emaitzarekin nagusitu zen.

Aurreko asteburuan bezala Delgadok eta Zabalak ez zituzten izan nahi beste jokalari eskuragarri; izan ere, AGT Arrasate/Eibarreko 14 jokalari baino etziren izan Pradoviejon. Testuinguru honetan, eta arautegiari eutsiz, hiru jokalari gutxiagorekin lehiatu zuten bi taldeek; hamabina jokalarirekin bakoitzak, hain justu ere.

Jokalari falta hori, baina, etzen eragozpena izan konbinatu gipuzkoarrarentzat. Ordu laurdena bete orduko 0-21 ziren aurretik bisitariak, eta lehenengo zatia 5-64ko errentarekin amaitu zuen AGT Arrasate/Eibarrek, protagonista nagusiak Iraide eta Ohiane izan zirela. Lehenengoak bost entsegu lortu zituen eta, bigarrenak, ia guztiak transformatzerako orduan asmatu zuen. Gainontzeko entseguak June Angulo, Sofia Konde, Inaña Endeiza eta Aiora Ibarrenak izan ziren.

Bigarren zatian, esparru fisikoagatik edo, indarrak nolabait orekatu egin ziren. Halere, AGT Arrasate/Eibar beste bost entsegu egiteko gai izan zen, Errioxak bakarra egin zuen bitartean. Kasu honetan, protagonismoa Aiora Ibarrek bereganatu zuen, lehenengo zatian lortutako entseguari beste lau gehitu baitzizkion. Bisitarien bosgarren entsegua Sofia Konderena izan zen, bigarren zatian transformazioak gauzatzearen ardura hartu zuen jokalaria, hain justu ere.

Categorías: Sin categoría