2024/12/17 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Asteburu honetan Euskal Ligako 1. mailak 2024a agurtuko du eta, 10. jardunaldiaren baitan, Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek Eibarri egingo diote bisita. Norgehiagoka Unben jokatuko da, zapatuan, eguerdiko 12:00etan, eta bertan Julen Barrutiaren mutilak kirol arloan oso positiboa izan den 2024a garaipen batekin agurtzen ahaleginduko dira.
Iragan asteburuan, Hernaniren kontra Mojategin denboraldiko bosgarren garaipena eskuratu eta gero, Kanpanzar Arrasate bosgarren sailkatua da 21 punturekin, Getxorekin berdinduta. Arrasatearren aurretik Bera Bera eta Baztan daude 25 eta 24 punturekin, hurrenez hurren. Lidergoan partidu guztiak irabazi dituen Elorriok jarraitzen du eta, bizkaitarren atzetik, Uni Bilbo dago 27 punturekin.

Barrutiaren mutilek aurrean izango dute aurkariaren egoera ez da batere gozoa, orain arte jokatutako partidu guztiak galduta eta puntu bakar bat ere urratu barik, azken sailkatua baita Eibar. Armaginak entsegu gehien jaso eta gutxien egin dituen bigarren taldea da, 55 eta 13rekin, hurrenez hurren, sailkapenean euren aurretik dagoen Urgozoren erregistroak bakarrik kaxkarragoak direla (61 eta 9). Baina, bitxia baldin bada ere, bizkaitarrek garaipen bat erdietsi dute eta lau puntu dituzte patrikan.
Testuinguru honetan, eta datu hauei erreparatuz, Kanpanzar Arrasatek dena alde dauka urtea irribarretsu amaitzeko. Dena den, tentu handiz eta kontzentratuta ekin beharko diote Eibarren kontrako lehiari, Euskal Ligako 1. maila bezalako kategorian aurkaririk ahulena ere sorpresa emateko gai baita.