2024/9/12 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Arrasate Errugbi Taldeko amen taldea, Pirolitikak, Madril aldean izan ziren iragan asteburuan, Alcorconeko Tigresas Rugby Taldeak antolatutako txapelketan parte hartzen, hain justu ere. Ordezkaritza arrasatearrarekin batera Vallecaseko Ilegales taldeak ere hartu zuen parte jaialdian eta, ohi bezala, errugbia ardatz hartuta, giro ona eta adiskidetasuna izan ziren nagusi.

Hiruko txapelketa izan zen Alcorconen burutu zutena eta, bertan, Pirolitikek txanponaren bi aldeekin egin zuten topo. Estreinaldiko partiduan, Tigresasen kontra jokatutakoan, amore eman behar izan zuten. “Indarrak parekatuta egon ziren oso baina, azkenean, eurak nagusitu egin ziren”, adierazi dute. Bigarrenean, aldiz, sarrailagileak gailendu egin ziren Ilegalesen kontra. Emaitzetatik baina haratago joanda, baina, “garrantzitsuena berdegunean aspaldiko lagunekin berriro ere topo egitea izan dela”, gaineratu dute.

Testuinguru honetan, 2024-2025 ikasturteko aurre-denboraldiko hitzordu honen inguruko balorazio “ezin hobea” egin dute Pirolitikak taldekoek: “Asteburua paregabea izan da, lagun arteko giroa primerakoa eta, gainera, denak osorik bueltatu gara”. Orain begirada guztiak azaroaren 23an jarriak dituzte Arrasate Errugbi Taldeko amek, “data horretan Ligako lehenengo jardunaldia izango baitugu Valentzian”.

Categorías: Amak