2024/8/27 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa
Udako oporrak atzean utzita lanera bueltatzeko garaia iritsi da eta, honen baitan, Arrasate Errugbi Taldea ez da salbuespena. Zentzu honetan, klub zuri-moreko talde nagusiek, senior mailako biak -mutilak eta neskak- eta 18 urtez azpikoek, aste honetan ekingo diote aurre-denboraldiari. Gainontzeko ekipoak bi aste barru hasiko dira lanean, iraila hasieran, hain justu ere.
Aurreikuspenen arabera, mutilek astelehen, astearte eta ostegunetan entrenatuko dute, 19:00etan hasita; neskek, berriz, astelehen eta asteazkenetan izango dute hitzordua. “Dena den, Mojategiko atletismo pistan egiten ari diren lanak direla-eta, ezin da errugbi zelaia erabili, horregatik lansaioak futbol zelaian burutu beharko ditugu, Mondrarekin eremua partekatuz”, eman du aditzera lehen taldeko entrenatzaile eta ART-ko kirol-zuzendari Julen Barrutiak. Teknikari zuri-moreak gaineratzen duenez, “egoera honen baitan, litekeena da entrenamenduen egutegi eta ordutegiek moldaketaren bat edo beste izatea”.
