2024/7/16 | ISEI BARBERO
Astearte honetan, hilak 16, Arrasate Errugbi Taldeak Ohiko Batzar Orokorra egin du Mojategin eta, bertan, bertaratutako bazkideek klub zuri-morearen kudeaketari argi berdea eman diote. Lau urte igarota, Zuzendaritza Batzorde berria aukeratzea zegoen gai-zerrendan eta, lantalde berririk ez denez aurkeztu, bertaratutako bazkideek, aho batez, Ramon Barrutia buru duen lantaldeak karguan beste lau urtez jarraitzea adostu dute. Barrutia berak jarraituko du presidente karguan, eta Belen Aranbarri izango da idazkaria. Lantaldea beste bost kidek osatuko dute, aurpegi berri bakarra Beñat Salaberrirena izango dela. Barrutiaren lantaldea “pozik” agertu da azken lau urteetan egindako lanarekin, eta “2020an finkatutako helburuak betetzeko bide onetik goazela” esan dute.

Besteak beste, 2023-2024 ekitaldiko balantze ekonomikoa aurkeztu dute gaurko batzarrean non, ohi bezala, diru-sarrerak eta gastuak “orekatuak” izan dira, 160.000 euro pasatxokoak. Urtero legez, Garagardo Azoka izan da Arrasate Errugbi Taldeak izan duen diru-iturri nagusia, sarrera guztien %25 ingurukoa izan dela. Jokalarien kuotak, loteria edota babesleek egindako ekarpenek ere pisu handia izan dute klub zuri-morearen finantziazioan eta, hirugarren maila batean, diru-laguntza publiko zein pribatuak egon dira, hala nola saldutako klubeko materiala edo “merchandising” delakoa.
Gastuei dagokionez, kirol esparruan egin du inbertsiorik handiena Arrasate Errugbi Taldeak 2023-2024 ekitaldian, entrenamendu eta monitoreetan, hain justu ere. Fitxen ordainketek eta loteria edota Garagardo Azokan egindako inbertsioek ere garrantzi handia izan dute gastuen atalean, baita ere klubeko talde ezberdinek egindako bidaiek ere.
Eta, testuinguru honetan, 2024-2025 ekitaldirako antzerako aurre-kontua aurkeztu du Zuzendaritza Batzordeak, “azken denboraldietako filosofiari eutsiz: sartzen den diru baino gehiago ez gastatzea”. 163.000 euro inguruko diru-sarrerak eta gastuak aurreikusten dituzte datorren denboraldirako klub zuri-moreko agintariek, atal bakoitzeko partidak 2023-2024 ekitaldikoen antzerakoak izango direla.
Kirol esparrua
Kontu ekonomikoekin egin bezala, kirol esparruan egindakoaren inguruko balorazioa ere egin du Arrasate Errugbi Taldeak gaurko Ohiko Batzar Orokorrean eta, guztien artean, inklusiboko taldearekin egindakoak azpimarratu dituzte. Bi asteetan behin entrenamendu saioak burutzeaz gain, Getxo, Hernani, Elorrio eta Donostian izandako topaketetan ere parte hartu dute. “Mojategitik kanpo”, berriz, Arrasateko ardo dastaketa bezalako kultur ekitaldietan izan dira, baita argazki proiektu batean edota Atzegik antolatutako erakusketan ere.
Honetaz gain, HUHEZI-ko ikasle talde batek ekoiztutako ikus-entzunezko baten protagonista ere izan dira inklusiboko neska-mutikoak, “Lumarik gabeko hegoak” izenekoa eta Youtuben ikusgai dagoena. “Metodología hauetako ondorioak uztartuz, kirol inklusiboari buruzko enpatia eta kontzientzia soziala sortu nahi duen dokumentala”, azpimarratu dute.

Beste taldeei dagokionez, senior mailako mutilen taldeak egindako denboraldiarekin pozik agertu dira agintari zuri-moreak: “Denboraldi hasiera bikaina izan zen, amaiera, berriz, hobetzekoa”. 18 urtez azpikoek Elorriorekin batera egindako ikasturtea ere ekarri dute gogora, Euskal Ligako txapeldunorde izan baitira, eta gainontzeko kategorietako jokalariek izandako progresioa ere azpimarratu dute.
Datorren denboraldiari begira, Arrasate Errugbi Taldeak 230 jokalari inguru izatea aurreikusten du: 30 senior mailako mutilen taldean eta, beste horrenbeste, amen taldean; 35na beterano eta inklusiboan, eta 15 emakumezkoen senior mailako taldean, besteak beste.
Nesken 30. urteurrena
Bestetik, aipamen berezia izan du, baita ere, emakumezkoen sailak , aurtengo denboraldian 30 urte bete dituena. Efemeridea izanik, urteurrena garai ezberdinetako jokalariak batuz ospatu dute eta, ospakizuna gizarte osoarekin partekatze aldera, Goienak ekoiztutako “Arrasate Rugby Taldeko emakumezkoak: 30 urte meleak lehiatzen” izeneko ikus-entzunezkoa jarri dute ikusgai Youtuben. Agintari zuri-moreek esker oneko hitzak izan dituzte Goiena Komunikazio Taldearentzat, “egindako lana bikaina izan baita”.
Kirol arloari dagokionez, “Eibarrekin taldea partekatuz, Euskal Ligan lehiatu dugu eta jokalariek konpromiso handia erakutsi dute, kalitate arloan aurrerapauso nabarmenak emanez”, adierazi dute. Nazional mailako taldean, gainera, ART-ko bost jokalari aritu izana goraipatu dute. “Gure erronka nesken oinarria maila goiztiarrenetara hedatzea da, kirola aisialdirako alternatiba osasungarria izan dadin”.
Amen taldeak emandako aurrerapausoen inguruan ere mintzatu dira, eta egungo helburu nagusia 2025ean Maters Series izeneko txapelketa Arrasaten antolatzea dela gogorarazi dute. 2021ean martxan jarri zen sail honetan gaur egun 30 jokalari inguruk dihardute. Beteranoak ere izan dituzte mintzagai, Erroman edo Sevillan izan direnak, besteak beste, eta Ordizia Rugby Taldearen 50. urteurrenean parte hartu dute baita ere.
