
2024/6/22 | MONDRABERRI
Gazte olinpiaden final laurdenak hastear dira, baina goizeko esfortzua errekuperatzeko unea izan da eguerdia. Horretarako, Arrasate Rugby Taldearen eskutik bazkaria antolatu dute, lehen edizio honetan parte hartzen ari diren 44 taldetan banatutako 710 gazteentzat.
Menua paellak eta hanburgesak osatu dute. 3 paellera oso osorik gastatu direla esan digute antolatzaileek. Gazteek monterroneneko parkean eserita jan dute kuadrilaka eta zorionez, ez da euririk izan. Beraz, sailkapena lortu duten taldeek, ez daukate aitzakiarik arratsaldeko saioan duten guztia emateko eta sailkatu ez direnei berriz, besteei animatzeko indarra eman die bazkari honek.
Esker oneko mezua
Klub zuri-moreak esker ona adierazi nahi izan die Olinpiadetan bazkaldu duten 710 gazteei. ARTko kide Belen Aranbarrik mezu hau bidali du:
“Ez dakigu nola iritsi atzo bazkaltzen egon ziren 710 gazte guzti horiengana, baina gustatuko litzaiguke ARTtik eskertzea, zer ondo portatu ziren bazkaria jasotzerakoan, zer nolako errespetuz, zer nolako zintzotasunez, zer nolako esker onekin eta gero, zer txukun utzi zuten dena”.
“Normala den bezala, plater batzuk agertu ziren eta zikinkeria apur bat zegoen, baina ez zuen inondik inora ematen hor 710 pertsona bazkaltzen ibili zirenik, ‘maravilloso’!. Txapela kentzeko moduko jarrera izan zen, txalotzekoa, beti ibiltzen gara gazteriaz kexatzen eta ez, atzo Arrasateko gazteriak erakutsi zuen zeinen ondo egon daitezken elkarrekin, zeinen ondo pasatu ahal duten horrelako jardunaldi baten”.