2024/05/27 | ISEI BARBERO / Argazkiak: ART - Goiena
Arrasate Errugbi Taldea motorrak berotzen hasia da, egun gutxi barru Garagardo Azokaren edizio berri bat martxan jarriko baita. Klub zuri-moreak antolatzen duen ekimen honek XXIV. edizioa beteko du aurten eta, beste behin, Herriko Plazan instalatuko den karpa arrasatear guztien, eta baita Arrasatetik kanpo etorritakoen, bilgune bilakatuko da hiru egunez, maiatzaren 30etik ekainaren 1era.
Urtero legez, Garagardo Azokako karparen ateak ostegunean zabalduko dira, 18:30ean, eta 19:00etan izango da irekiera ordua gainontzeko egunetan. Bertara gerturatzen direnek estilo ezberdinetako garagardoak dastatzeaz gain, sabela bapo betetzeko parada ere izango dute. Ohi bezala, musika ere ez da faltako giroa alaitzeko, tartean Garazi&Sala bikotearen emanaldiarekin.
Arrasate Errugbi Taldetik jakinarazi dute honezkero 2.300 garagardo litrotik gora zain daudela arrasatearren egarria asetzeko eta, horrekin batera, beste 600 botilatxo. Jakiei dagokionez, klub zuri-moreak 1.800 ogi, 570 txerri-ukondotik gora, 220 oilasko, 1.300 saltxitxa baino gehiago eta 14 patata kaxa erosi ditu, guztiak Herriko Plazako karpan sukaldatuko direnak. “Kopuruak iazkoen antzekoak dira”, baieztatzen du Arrasate Errugbi Taldeko presidente Ramon Barrutiak.
Egitaraua
Esan bezala, karpak ostegunean irekiko ditu ateak, 18:30ean, eta jarraian herri kirolak izango dira ikusgai bertan, Mondragon Unibertsitatearekin elkarlanean. 19:00etatik aurrera pintxopotea izango da eta, ordubete beranduago, 20:00etan, sukaldea jarriko da martxan. Afariak girotzeko, Garazi&Sala bikoteak kontzertua eskainiko du. Ohi bezala, egun honetan udal ordezkariek karpan afalduko dute.
Ostiralean karparen irekiera 19:00etan izango da, afariak 20:00etatik aurrera zerbitzatuko dira eta, 22:30ean, Xaba DJ-k emanaldia eskainiko du. Larunbateko ordutegia berdina izango da baina, kasu honetan, karpa girotzearen ardura Asier DJ-arena izango da. Zapatuan, eguerdi partean, bazkariak zerbitzatuko dira 14:00etatik aurrera: oilaskoa eta paella, postrea eta eskariarekin batera, 20 euroren truke.
Zazpinakorik ez aurten
Aurreko urteetan ez bezala, eta “agenda arazoak” tarteko, aurtengoan ez da Zazpinako Txapelketarik izan. “Asteburu honetan ekintza ugari deituta daude, Euskadi zein Estatu mailan, horregatik gure txapelketa ez antolatzea erabaki dugu”, adierazi du Arrasate Errugbi Taldeko entrenatzaile eta kirol-zuzendari Julen Barrutiak. Gaineratu duenez, baina, “errugbia ez da faltako, klubeko jokalarien artean ekintzaren bat burutuko baitugu Mojategin”.










