2024/5/25 | ISEI BARBERO | Argazkiak: R. Barrutia

Arrasate Errugbi Taldeko 18 urtez azpikoek ezin izan dute liga txapelketa irabazi. Gaur, zapatua, final handia jokatu dute Ordiziako Altamira errugbi zelaian, Elorriorekin taldea partekatuz. Ordezkari arrasatearrek Zarautz izan dute aurkari, eta sutsu borrokatu badute ere, garaipenak azkenean kostaldera alde egin du. Azken emaitza 36-41 izan da Zarautzen alde.

Partidua hasi eta berehala hartu du aurrea Elorrio/Arrasatek, Iker Ugaldearen entsegu eta transformazio banari esker. Zarautzek, baina, jarraian bi entsegu egin ditu, horietako bat transformatuz eta, ondorioz, 7-12 aurreratu egin da. Ordu erdia bete baino lehen, ordea, Elorrio/Arrasatek kolpe berri bat eman du, kasu honetan Amets Blanco eta Ugaldearen transformazio berri baten bitartez.

Bazirudien 14-12koarekin joango zirela atsedenaldira bi taldeak baina, arauzko denbora agortzeko lau minuturen faltan Zarautzek beste hiru entsegu egin ditu, horietako bi transformatuz eta, ondorioz, 14-31ko emaitzarekin amaitu da lehenengo zatia. Zalantza izpirik gabe, kolpe erabakigarria izan da honako hau Elorrio/Arrasaterentzat.

Bigarren zatian markagailua iraultzeko helburuarekin zelairatu da Elorrio/Arrasate baina, 10. minutua bete orduko, Zarautzek abantaila handitu egin du zutoinen artera bidalitako zigor kolpe baten bitartez (14-34). Une horretan iritsi da Jabier Ugaldearen mutilen susperraldia, hiru entsegu eta transformazio baten bitartez 31-34 gerturatu baitira aurkarira.

Zailena egina zuen ordurako Elorrio/Arrasatek, eta oraindik ordu laurden falta zen partidua amaitzeko, beraz finala oraindik zabalik zegoen. Zoritxarrez, lau minutu beranduago Zarautzek entsegu berri bat egin du eta, transformazioa gauzatuz, 31-41raino handitu du bere errenta. Partidua amaitzeko 10 minuturen faltan Amets Blancok bere kontu pertsonaleko hirugarren entsegua egin du, markagailuan 36-41ekoa ezarriz.

Partiduko azken txanpan Elorrio/Arrasateko mutilak ahalegindu dira partiduari bueltan ematen baina, zoritxarrez, Zarautz gai izan da errentari eusteko eta, azkenean, Liga txapelketa irabazi du. Hala eta guztiz ere, txalotzeko modukoa Arrasate eta Elorrioko 18 urtez azpikoek egin duten denboraldia.

Categorías: Sin categoría