2024/5/15 | ISEI BARBERO | Argazkiak: artxiboa

Aurtengo denboraldian 30 urte betetzen dira Arrasate Errugbi Taldeko neskak txapelketa ofizialetan elastiko zuri-morea defendatzen hasi zirela.  1993-1994 denboraldian geratu zen hori, taldearen haziarekin topo egiteko, baina, bi urte egin behar dugu atzera, 1991-1992 ikasturtean 15 neskez osatutako taldea errugbia praktikatzen hasi baitzen Arrasaten.  Bi urte beranduago, esan bezala, era ofizialean ekipoa sortu eta partidu ofizialetan lehiatzen hasi zen, garai horretan Espainiako Errugbi Federazioaren baitan.

Arrasate Errugbi Taldeko emakumezkoen sailak hiru garai ezberdinetan lehiatu izan du, urte hauetan guztietan erabateko jarraikortasunik izan ez duela.   Esan bezala, 1991. urtean hainbat neska arrasatear errugbi partikatzen hasi ziren eta, bi urte beranduago, partidu ofizialetan lehiatu.  Hasierako proiektu horrek 1994-1995 denboraldira arte biziraun zuen, lau urte horietan klubetik ia 50 neska igaro zirela, arrasatearrak gehienak, baina baita Aretxabaleta, Eskoriatza edo Eibarrekoak –azken hauek lehen garai honetako azken denboraldian. 

Hainbat urteetako etenaldiaren ostean, nesken taldea 2007 birsortu zen, beste hiru denboraldietako ibilbidea izan zuela, 2009-2010 ikasturtera arte, hain justu ere.  Klubeko gizonezkoen taldeko hiru jokalarik hartu zuten ekipo hura zuzentzeko ardura:  Mikel Kerejeta, Igor Eraña eta Ion Iria beteranoa.

Emakumezkoen taldearen azken etapa gaur egungoa dugu, pandemia garaian -2020an- martxan jarri zena.  Konfinamenduaren ondorioz era guztietako zailtasunekin egin zuen topo proiektuak hastapen garai horretan baina, Arrasate Errugbi Taldeko izaerari eutsiz, lantaldeak ez zuen amorerik eman eta, gaur egun, inoiz baino osasuntsuago eusten dio proiektuari.  Klubeko jokalarien amen taldea, Pirolitikak, da horren adierazgarri, orain dela pare bat denboraldi sortu zena.

1991. urtean hazia

Esan bezala, orain dela hiru hamarkada era ofizialean lehiatzen hasi bazen ere, Arrasate Errugbi Taldeko nesken taldearen haziarekin topo egiteko bi urte egin behar dugu atzera, 1991-1992 denboraldira, hain justu ere.  Garai horretan 15 neskez osatutako taldea elkartzen hasi zen Arrasaten, errugbia praktikatzeko.  Neska hauek guztiak 12 eta 14 urte bitartekoak ziren, arrasatearrak, Ainize Lucero eskoriatzarraren salbuespenarekin. Claudio Merchan “Kako” izan zen talde hori entrenatzearen ardura hartu zuena.

1993-1994 denboraldiko taldea.

Talde honek etzuen jarraikortasunik izan, jokalari guztietatik bakarrak jarraitu baitzuen entrenatzen hurrengo denboraldian:  Leire Markina.  Zorionez, beste 14 neska batu ziren proiektura aurrekoen lekukoa hartuz, hauek zertxobait nagusiagoak, 1976 eta 1977 urteen artean jaiotakoak (1-2 urte nagusiagoak).  1992-1993 denboraldi honetan ere taldearen jarduera entrenamendu eta lagunarteko partiduetara mugatu zen bakarrik. 

Zorionez, oraingo honetan taldeak jarraikortasuna izan zuen eta, Markinaren gidaritzapean gehienek –bik bakarrik utzi zuten taldea- errugbia praktikatzen jarraitu zuten.  1993ko uda eta gero lau jokalari berri batu ziren taldera eta, testuinguru honetan, Espainiako Errugbi Federazioak antolatzen zuen txapelketan parte hartzen hasi zen.  17 neskez osatutako talde honek Euskal Ligan lehiatu zuen eta, bi partiduetara aurkeztu ez izanagatik, txapelketatik kanporatua izan zen.

Estreinaldiko denboraldi horren ostean, eta urtebete lehenago geratu ez bezala, taldeko jokalari askok euren errugbi ibilbideari bertan amaiera ematea erabaki zuten.  Bost jokalarik baino etzuten jokatzen jarraitu 1994-1995 denboraldian, horien artean taldeko beterano Leire Markina.  Proiektuarekin beste zazpi jokalari berrik egin zuten bat, kopuru nahikorik ez lehiatzen jarraitzeko. 

Gauzak horrela, eta gaur egun gertatzen den bezala, Arrasatek eta Eibarrek indarrak batu egin zituzten lehiatzeko, kasu honetan taldera beste zortzi jokalari armagin batu ziren.  Orotara 18 fitxekin lehiatu zuen konbinatu gipuzkoarrak zortzi taldez osatutako liga horretan, eta bi partidu irabazi zituen, ikasturtea azken postuan amaituz.  Honako hau lehen etapako azken denboraldia izan zen emakumezkoen taldearentzat, eta hamarkada oso bat baino gehiago itxaron behar izan zen elastiko zuri-morearekin emakumezkoak berdegunean berriro ere lehiatzen ikusteko.

Bigarren etapa

2007-2008 denboraldian birsortu zen emakumezkoen taldea berriro ere:  “Uste dut 2007ko San Juanak zirela eta, sekulako beroaldia tarteko, neska talde berri bat errugbia praktikatzera animatu zen eta, noski, eurekin bat egin nuen”, gogoratzen du egungo amen taldeko kide Aitziber Zumaldek.  Gizonezkoen senior mailako taldeko kide Mikel Kerejetak eta Igor Erañak, Ion Iria beteranoarekin batera, hartu zuten taldearen ardura. 

Bigarren garai honetan proiektuak hiru denboraldietako biziraupena izan zuen, 2009-2010 ekitaldira arte, hain justu ere.  Lehenengo garaian ez bezala, bigarren honetan hasieratik txapelketa ofizialetan lehiatzen aritu zen taldea, eta pare bat denboraldiz Durango Errugbi Taldeko neskak izan zituzten bidelagun, garai horretan Arrasate Errugbi Taldeak lankidetza hitzarmena sinatu baitzuen klub bizkaitarrarekin.  “Talde polita osatu genuen, primerako harremana sortu zen gure artean, gaur egun oraindik bizirik dagoena”, gogoratzen du Zumaldeak.

2007-2008 denboraldiko taldea.

Inoiz baino osasuntsuago

Zorionez, gaur egun emakumezkoen taldearen proiektuak bizirik dirau.  Hirugarren etapa hau pandemia garaian jarri zen martxan, 2019-2020 denboraldian, horregatik hastapen garaiak zailak izan ziren oso.  Konfinamendua, musukoak edota Osasun Sailak ezarritako mugak izan ziren proiektuak aurreneko urratsak ematerako orduan aurkitu zituen oztopoetako batzuk. 

Zailtasun horiek, baina, ez zuten ART-ko nesken ilusioa zapuztu, eta urtebetez entrenatzen aritu eta gero –tartean lagunarteko partiduren bat jokatuta-, 2021-2022 denboraldian lehiatzen hasi ziren Ordiziarekin batera taldea partekatuz.  Estreinaldiko denboraldi hori ikasteko baliatu zuten, eta ikasturteko azken partiduan, Bera Beraren kontra Mojategin jokatutakoa, lehen garaipena eskuratu zuten.

Asier Delgado eta Erik Cuevas entrenatzaileen gidaritzapean, proiektuak jarraikortasuna izan du azken bi denboraldietan, emandako aurrerapausoak nabarmenak izan direla, bai jokoan eta baita emaitzetan ere.  Estreinaldiko denboraldian Ordizia izan bazen ART-ko nesken bidelagun, 90ko hamarkadan gertatu bezala, Eibarrekin batera osatu dute taldea azken bi denboraldietan.  Proiektuari jokalarien amen taldea batu zaio, Pirolitikak, eta Espainiako Selekzioarekin aritzen den Ane Rincon bezalako jokalarien ereduek emakumezkoen sailaren etorkizuna baikortasunez zipriztintzen du.

Arrasate Errugbi Taldean emakumezkoan sailak izan duen bilakaeraren adierazlerik azpimarragarriena da Aitziber Zumalde bera da:  “Sartu-irteerak izan ditudan arren, klubarekin beti harremana mantendu izan dut.  Orain dela urte batzuk beteranoen talde Herensugeekin bat egiteko gonbitea jaso nuen eta, erabakia hartzea asko kostatu zitzaidan arren, beldurra ematen baitzidan gizonezkoen kontra jokatzeak, ez naiz damutzen hartutako erabakiaz.  Handik denbora batera Pirolitiken berri izan nuen, eta bertan ere oso gustura nabil, talde oso polita osatu dugu eta elkarrengandik asko ikasten ari baikara”.  Arrasate Errugbi Taldearen iragana, oraina eta etorkizuna, guztiak batuko dira zapatu honetan emakumezkoen sailari merezitako omenaldia egiteko.

Amen taldea, Pirolitikak.
Categorías: Sin categoría