2024/3/15 | ISEI BARBERO / Argazkiak:  artxiboa

Asteburu honetan hainbat hitzordu izango ditu Arrasate Errugbi Taldeak eta, guztien artean, azpimarragarrienetarikoa amen taldeena –Pirolitikak- izango da.  Ordezkaritza arrasatearra Katalunia aldera joango da, Bartzelonara, eta zapatuan, goizeko 9:30ean hasita eta ilunkara arte, Camp de Rugbi La Teixoneran izango den III. Maters Series txapelketan hartuko du parte. Talde zuri-morearekin batera beste zortzi parte hartzaile izango dira bertan, honako hauek:  Khaleesis, Ilegales, WonderVrac, LaCartijas, Leonas, Tigresas, Vetemares, Macaumis, Kamalehoiak. 

2022ko martxoan eman zituen aurreneko pausoak ART-ko amen taldeak, klubeko zenbait jokalarien amak elkartu eta taldea osatzea bururatu zitzaien momentuan.  Horretarako, ate irekien zenbait jardunaldi antolatu zituzten, eredu gisa Gaztedi Errugbi Elkarteko Kamalehoiak taldea hartuta.  Zentzu honetan, gasteiztarrekin zenbait lansaio burutu zituzten eta, Gasteizen, hain justu ere, debuta egin zuten uztailean “Maters Series” izeneko txapelketan. Gasteiztarrekin, eta ART-ko beteranoekin batera, Hondarribiko Rugby Beach delako txapelketan ere parte hartu zuten, finalerdietarako txartela eskuratuz. Sitgesen ere izan dira, “Maters Series” delakoaren edizio berri batean, hala nola, iazko otsailean, Sevillan. Azaroan Xixonen eta urtarrilean ere Sevillan izan ziren.

Pirolitikak

Seniorrak domekan

Senior mailako taldeek domekan izango dituzte euren hitzorduak, Gasteizen eta Bilbon, hain justu ere.  Goiztiarrenak neskak izango dira, zenbait asteetako etenaldiaren ostean, Gamarran berrekingo baitiote liga txapelketari, 11:30eatik aurrera, Gaztediren kontra.  Zertxobait beranduago, 12:00etan, mutilek sailkapen faseko azkenaurreko hitzordua izango dute El Fangon, Uni Bilboren kontra.  Egun berean, baina 10:30ean, Soraluzerekin batera taldea partekatzen duten 14 urtez azpikoek Ordiziari egingo diote bisita.

16 jardunaldi jokatuta, Julen Barrutiaren mutilak seigarrenak dira sailkapenean 40 punturekin, zortzi garaipen eta berdinketa bat poltsikoratu dituztela.  Delgado eta Cuevasen neskak, berriz, bigarren fasean murgilduta daude honezkero, ondorengo multzokide izango dituztela:  Gaztedi, Txingudi, Sarako Izarra, Getxo, Iruñea eta Errioxa.

Zapatuan beste hitzordu parea izango du Arrasate Errugbi Taldeak, 18 eta 16 urtez azpikoena, hain justu ere.  Lehenengoek Altamiran izango dute partidua baita ere, eguerdiko 12:30eatik aurrera.  Zertxobait lehenago, 11:00etan, 18 urtez azpikoek La Unicari egingo diote bisita.  Gogoratu beharra dago 18 zein 16 urtez azpikoek Elorriorekin batera partekatzen dutela taldea.

Categorías: Sin categoría