Bilbotarrek Altamira bisitatuko dute, zapatuan, 16:00eatik aurrera.

Hiru asteko etenaldiaren ostean, Errioxaren kontrako norgehiagoka atzeratu egin zen eta handik astebetera atsedenaldia egokitu zitzaien, asteburu honetan liga txapelketari berrekingo diote Arrasate Errugbi Taldeko seniorrek.  Aurtengo denboraldian bigarrenez Julen Barrutiaren mutilek etxean jokatuko dute –osasun egoera dela medio zaleen presentziarik gabe-, oraingo honetan Ordiziako Altamira errugbi zelaian, eta Valtesca Uni Bilbo izango da aurkaria.  Iragan asteburuan jokatzekoa zen partidu hau baina, Covid kasuak tarteko, astebete atzeratzea adostu zuten bi taldeek.  Gipuzkoarren eta bizkaitarren arteko lehia zapatu arratsaldean izango da, 16:00etan hasita.

Partidu bakarra jokatuta eta punturik gabe heltzen da Euskal Ligako 4. jardunaldira Kanpanzar Arrasate-Ordizia, sarrailagileek estreinaldiko neurketan amore eman behar izan baitzuten, Mojategin Durangoren kontra 5-38 galdu ostean.  Esan bezala, aipatutako arrazoiengatik, orduz geroztik ez dute neurketarik jokatu, eta oraingo honetan puntuen kutxatxoa estreinatzen ahaleginduko dira.

Orain direla bi denboraldi Uni Bilboren kontra Mojategin jokatutako partidua.

Barrutiaren mutilek garaipenaren gosez dagoen aurkaria izango dute aurrean, arrasatearrak eta goierritarrak bezala, Uni Bilbok ere oraindik ez baitu punturik eskuratu.  Lehen jardunaldian, etxean eta Bera Bera B-ren kontra, 3-11 galdu zuten.  Handik astebetera Durangon jokatu beharreko partidua bertan behera geratu zen eta, orain direla bi aste, Errioxaren kontra El Fagon jokatu beharrekoa ere atzeratu egin zuten.

Gauzak horrela, egoera berdintsuan dauden bi talde izango dira aurrez aurre Altamiran zapatu arratsaldean.  Hiru aste hauetako etenaldia ziur asko erabilgarria izan zaiela oso Barrutiaren mutilei, gehien bat Ordiziako taldekideekin hobeto elkar ezagutzeko.  Hori berdegunean eta taldearen jokoan agerian geratuz gero, emaitza positiboa izatekoa aukera handiagoak izango dira.

Categorías: Seniorrak

0 comentarios

Deja una respuesta

Tu dirección de correo electrónico no será publicada. Los campos obligatorios están marcados con *